Archivo de la etiqueta: PSOE

Antzoki bera, aktore berriak

Ziklo politiko baten amaieraren aurrean gaude. Trantsizioan hasi eta hogeita hamar urtez iraun duen prozesua hilzorian dago. Ez dago garbi nora goazen, baina egoera aktore aldaketarekin konpontzen ez dela dirudi, eta gidoi aldaketa sakon baten beharra dagoela argi ikusi du gizartearen sektore handi batek.

pablo iglesias contra bipartidismo

Espainian eta Europan azken hamarkadetan indarrean egon diren alderdiak krisian daude eta horrek demokrazia ordezkatzailea zalantzan jartzera eraman du, demokrazia parte hartzaileagoa aldarrikatuz. Faktore askok eragin dute betiko alderdien beherakadan.

Hazkunde ekonomikoa zela eta, gizabanako askoren bizi maila nabarmen hazi zen;  ondorioz, gutxi batzuk konturatzen ziren sistemak zituen gabeziez. 2008an, krisiaren etorrerarekin batera, ongizate hori desagertu egin zen eta ondoez sintomak nagusitzen hasi ziren. Herritarrak indarrean dagoen sistemaren aurkako mobilizazioetan murgiltzen hasi dira dagoeneko.

Krisia ez da ekonomia arlora mugatu, eta eremu guztiak hartu ditu bere baitan. Ideologiei dagokionez, alderdiek ez dute garbi non kokatu beren burua, eta ideologia desberdinetako ideiak hartu dituzte, diskurtso nahasiak sortuz. Ez dago diskurtso garbirik eta ez dute lortzen gizabanakoak erabat konkistatzea.

Hori gutxi balitz, betiko alderdietan ematen ari diren ustelkeria kasuek politika krisi sakonago batean sartu dute. PP, PSOE, CIU, PNV… alderdi zerrenda amaigabeak zikindu du egungo politika espainiar Estatuan. Ez da Europako kasu bakarra, Frantzia, Grezia, Italia eta beste zenbait herrialdetan gauza bera gertatu baita. Mesfidantza geroz eta handiagoa da, ez da politikan sinesten eta horrek hauteskundeetako parte hartzean eragina du.

15M

Politikarekiko desafekzioa handitu da eta gizabanakoek gutxiago parte hartzen dute politikarekin zerikusia duten prozesuetan. Bipartidismoa maldan behera doa eta proposamen berriek indarra hartu dute, estrategia komunikatiboen bitartez politikoa mapa politikoa irauli dezaketenak. Aldaketara nahia gizartean nagusitu da, M15 eta ondorengo Podemos adibide.  Betiko alderdien erreakzioa nolakoa izango den ikusteko dago oraindik, baina proposamen berriek gauzak zail jarriko dizkietela aurreikusi daiteke. Egungo egora politikoa aldatzeko gai izango ote dira? Sistema berri baten lehen fasean ote gaude?

Mugimendu alternatiboak

Espainian haserre hori 2011ko maiatzaren 15ean irudikatzen hasi zen 15M mugimenduaren bitartez. 2008an Grezian izandako protestek eta 2011ko Arabiar Udaberriko iraultzak oinarri hartuta, hainbat kolektibok deituriko manifestazioaren ondorioz Madrilgo Sol plazan gau horretan kanpaldi bat egin zen; bipartidismoko “PPSOE”tik haratagoko demokrazia parte hartzaileago baten aldeko eskaera protesta baketsuen bidez gauzatu zuen biztanleriak, “Acampada Sol” sortuz.

Mugimendu horien ondorioz alderdi politiko berriak sortzen hasi ziren, nabarmenenak “Partido X”, 2013an; eta Podemos, 2014ean. Azken alderdi horrek izan du arrakasta gehien, eta Espainiako mapa politikoan indar handiarekin sartu da; Europako hauteskundeetan bost eurodiputatu lortu zituen jaio eta lau hilabete ondoren. Inkesten arabera, Espainiako 2015eko hauteskundeetan lehen edo bigarren indar bihurtzeko aukera du.

Politikarekiko desafekzioa ez da, ordea, nazio mailako arazoa, kontinente mailakoa baizik. Europa osoan zehar alternatibek indarra hartu dute, ezker eta eskuin muturreko diskurtsoek jendearengan eragina izan dute. Krisiaren kudeaketaren eta migrazioaren aurkako diskurtsoari esker, geroz eta oihartzun handiagoa dute alderdi horiek. Kontinente mailan, gainera, Europar sentimenduaren aurkako diskurtsoa erabili dute, Europar Batasuna eta euroaren aurkako jarrera argia argumentu gisa erabiliz. Atzerritarrekiko identitate nazionalaren defentsak ere garrantzia hartu du Europan, jarrera xenofobo eta arrazistaz betetako diskurtsoen bidez.

2009ko eta 2014ko Europako hauteskundeek alternatiba horien gorakada nabarmen islatzen dute. Adibide ezagunena Frantziako eskuin muturreko FN alderdia da: 2009an hiru eurodiputatu (botoen %6,3) lortzetik, 2014ean 24 lortzera igaro da (botoen %24,95).

Danimarkan DF eskuin muturreko alderdiak ere hauteskundeak irabazi zituen botoen %26,6arekin, 4 eurodiputatu lortuz; 2009an botoen %15,3 lortu zituen (2 eurodiputatu).

Grezian, bestalde, muturreko bi alderdien gorakada nabarmendu zen: Syriza ezker muturreko alderdia 2009an eurodiputatu bat izatetik 6 eurodiputatu izatera igaro zen. Eskuin muturreko Amanecer Dorado alderdia parlamentuan lehen aldiz sartu zen 3 eurodiputaturekin.

Alderdi klasikoak zigortzeko modua bilatu du biztanleriak eta gorakada handia hartzen ari diren alternatibek eman diete aukera. Espainiako egungo mapa politikoan alternatiba errealitate bihurtu da: Podemos, Pablo Iglesias lider karismatikoaren eskutik.

Gizartea eta estamentuen arteko talka

Alderdi berriaren arrakastaren inguruan telebistako eztabaidetan maiz agertzen den Felix Arrieta, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Zientzia Politikoetan lizentziatuak, diagnosi zehatza egin du.

Bere ustetan, Podemosek bi berezitasun nagusi ditu: “Batetik prozesu bat artikulatzen jakin izan du zeinaren bitartez herritarren eskaera asko kanalizatu eta diskurtso bakarrean batu diren. Bestetik, oso estrategia ona hartu du, bere helburu nagusia lortzeko: Espainian gobernatzea. Horretarako, tartean gertatu daitekeen edozer gauzari kontu askorekin begiratzen diote. Zergatik Podemosek ez du zuzenean parte hartzen udal hauteskundeetan? Azkenean horrek arriskua suposatzen duelako. Ez zaie batere komeni. Beraien estrategia sistemaren aurka eta alderdi guztiak sistema gisa ikustaraztea da”.

Garai batean José María Aznar edo Felipe Gonzalez bezala, Podemosen Pablo Iglesias lider karismatiko bat bihurtu da, baina ezin daiteke esan Podemos beste alderdiak baino demokratikoagoa denik. Horretarako: “erabaki transmisioa nola egiten den jakin beharko genuke lehenik”.

Podemosek beste alderdien antzera egitura hierarkikoa du. “Podemosek erabaki du alderdi tradizional baten barne-estruktura jarraitzea. Estruktura horren barnean ez dago borroka ideologikorik, boterea eskuratzeko borroka dago, baita lidergoa lortzeko borroka ere. Bi gauza horiek ekiditen dute gizartearen arteko borroka”. Podemosen estrategia hauskorra da, eta kontu handiz eramaten ari dira.

PabloIglesiasAsamblea

Aldaketak sortzeko, lehenik, herritarrak kontziente izan behar dira eta jarrera parte-hartzailea izan behar dute. Gaur egun hori ez dugu. Kataluniaren independentziaren aldeko prozesuaren, adibidez, herritarrak izan dira benetan indarra erakutsi dutenak, Artur Mas lidergoa hartzen arduratu da soilik. Orokorrean, ordea, gizarte zibilak pasiboa izaten jarraitzen du.

Horren arrazoietako bat indibidualismoa izan daiteke. Kolektibo edo gizarte zibil antolatu bat izatea oztopatzen du indibidualismoak maila batean. “Gure eredu ideala demokrazia parte hartzailea baldin bada, nork artikulatuko du hori? Bakoitzak banaka?”

Sistema barrutik aldatzeko, borondate politikoa egotea beharrezkoa da baina ez da politika edo gobernuaren kontua bakarrik. “Gu guztiok ere sistema gara, eta sistema batean funtzionatzera ohituak gaude. Orduan, ohitura batzuk aldatzen ez baldin baditugu, alferrik da”.

Gizartea benetan aldatzeko eta benetako demokrazia ezartzeko, alderdien izaera eta helburua aldatzea ezinbestekoa da. Izan ere, alderdien helburua irabaztea da, boterera iristeko, “alderdiak botere makinak baino ez dira”. Arrietak hurrengoa planteatzen du: “Zer da partaidetza? Nola artikulatzen dugu partaidetza? Alderdiak mekanismo egokiak dira horretarako? Nire iritzia da ezetz”.

Gaur egun, ez gaude ohituak parte hartzera, entzutera baizik. Besteek guregatik erabaki dezaketela pentsatzen dugu. Eraldaketa hortik hasi behar da, bakoitzak bere kritikotasuna lantzen. Horretarako informazio eta heziketa prozesuak sendotu behar dira, parte hartze kontzeptua landuz. Baita ere, espazio binkulateak sortu behar dira erakundeen barruan eta kanpoan, horiek artikulatuz. Baina horretarako gizarte kritiko bat behar da, gizarte hezi bat, benetan parte hartzen saiatuko dena.

“Erakundeetatik aldatu daiteke gure jarrera indibidualista hori? Ez. Erakundeek bultzatu dezakete? Erakundeek eta gizarte zibilak elkarlanean egin dezakete? Bai”. Hori gertatzeko, beste kultura politiko batera joan behar gara. Gizarteak aldaketan konfiantza eta sinesgarritasuna izan behar du. Mugimenduetan, elkarteetan… konfiantza izan behar dute herritarrek eta horiekin batera aldaketarako bidea eraiki. Erakundeek jakin behar dute beraiek ez daukatela egia absolutua, eta beste prozesu batzuk ere martxan jarri behar direla. “Hori posible da baina gaur egun, Espainiako gizartean hori ezin da gertatu”.

Etorkizunean zer?

Egoera horren aurrean, politika eta gizarte antolakuntzarekiko eztabaida inoiz baino aktiboagoa bihurtu da azken hilabeteetan, bereziki hedabideek Podemosi eskaini dioten tartearen ondorioz. Pablo Iglesias La Sexta kateko “Salvados” edo “La Sexta Noche” bezalako hainbat saio esanguratsuetan ikus ahal izan dugu, baita duela gutxi TVEn ere. Horri Podemosek sare sozialetan biztanleriarekiko erakutsi duen hurbiltasuna gehituz gero, esan liteke herritarren kontzientzia inoiz ez bezala berpiztu dela azken aldian. Honekin batera berpiztu da parte hartzearen eztabaida. Geroz eta gehiago dira biztanleriaren parte hartzea gizarteko esparru guztietan handitu behar dela uste dutenak.

Parte hartzearen handitze horrek hartu beharko lukeen forman, ordea, hainbat ikuspuntu  daude. Alde batetik daude defendatzen dutenak erabaki bat zilegi izateko, aurrez espazio publikotik igaro behar duela ezinbestean, gizarteak gai horri buruz eztabaidatu eta iritzi guztiek tartea izan dezaten. Espazio publiko horretan ematen diren eztabaiden jarraipenak herritarren hezkuntza politikoa areagotzen du eta baita norberak bere burua gobernatzeko gaitasuna ere. Bestalde, badira demokrazia zuzenago baten aldekoak ere. Horiek eztabaidan oinarritutako demokrazia gutxiesten dute, denen oniritzia bilatzeko bidean eskaeren aniztasuna mugatzen delako.

Politikan parte hartzea, ordea, oraindik ere jende askoren artean errefusa eragiten duen zerbait da. Gobernatzen gaituztenen eraginkortasun ezaren bitartez biztanleek jasotzen duten politikaren irudi goibela eta, bereziki, gizartean oraindik ere oso barneraturik dagoen jarrera indibidualistak, denongan eragina duten gauzetan ez kezkatzea eragiten du.

Indibidualismoaren indarra murrizteko mentalitate aldaketa bat beharrezkoa dela asimilatu eta gure inguruan bizi direnek gu bezainbeste merezi dutela defendatzen dute hainbatek. Zentzu honetan, biztanleriaren autonomia indartzeko parte hartzea bultzatuko duten elkarte eta erakundeen presentzia, bereziki maila lokalean, ezinbestekotzat jotzen dute aniztasuna ulertu eta eztabaidan oinarrituko den gizarte bat eraikitzeko.

Espainian, ordea, eztabaida politikoa berpiztu den arren, alderdiei dagokienez, Podemosek besterik ez du herritarrak politikaren erdigunean jarri eta parte hartzea handitzearen aldeko diskurtsoa garatu. Beraz, orokorrean, biztanleriaren artean bigarren mailan egoten jarraitzen duen zerbait da, gehiengoak lehentasuna ematen dio bipartidismoari amaiera emango dion proposamenari, beren protagonismo propioari baino. Batzuek uste dute bipartidismoarekin amaitzea izango dela, hain zuzen ere, gizartearen parte hartze hori sustatuko duena.

Parte hartzea, ordea, oraintxe bertatik sustatu behar den zerbait da, gerora etorriko den prozesuan biztanleria guztia interesatua egon dadin eta garrantzitsua sentitu dadin.

Argi dagoena da Podemosek irabazita ere, alderdi politikoek baino, gizarteak duela aldaketaren giltza. Izan ere, bera izan beharko litzateke film honetako zuzendaria.

Erreportajea osorik

viñeta