Archivo de la etiqueta: Katalunia – Parte hartzea – Estatu-nazioa – Demokrazia – Independentzia

Katalunia demokrazia eske

Azkeneko urteetan herrialdeko panorama politikoa astindu dute demokrazia aldarriek. Sentsibilitate politiko bakoitzak irtenbide demokratikoa eman nahi dio, hori zertan datzan adostu gabe.

katalunya diada

Lukas Barandiaran, Gorka Benito, Igor Etxebarria eta Mikel del Val

Gutxitan gertatu ohi da gatazka baten baitako aurkako bi alderdiek argudio bera erabiltzea bakoitzak bere nahiari zilegitasuna emateko, kontuan hartuta bi nahi horiek bateraezinak direla. Surrealista, pentsa lezake batek, inkongruentea, beste batek, egoera hau ,ordea, Espainiako Estatuko esfera politikoan ematen ari den berebiziko eztabaidan gertatzen ari da. Alderdi Popularrak Kataluniako prozesu independentistari zilegitasuna kentzeko, “antidemokratikoa eta askatasunaren aurkakoa” dela dio. Prozesu independentistaren bultzatzaileak, berriz, erabakitzekoeskubidean eta herritarren mandatuan, hots, demokrazian funtsatzen dute beren ekina. Bietakoren bat azpijokoan dabilenaren seinale? Ala besterik gabe, kontzeptua ulertzeko modu desberdinak?

PP-k Kataluniako prozesu independentista “antidemokratiko eta askatasunaren aurkakoa” dela dio.

Prozesu independentistaren bultzatzaileak demokrazian funtsatzen dute beren ekina.

Ez zaio galderari erantzun behar ohartzeko demokrazia kontzeptuak garrantzi handia duela egungo eztabaida politikoetan; zilegitasuna, eta ondorioz, boterea ematen dio kontzeptuaz jabetzen denari. “Demokratak” duen boterea, beraz, nabarmen igartzen da; ez hainbeste, “demokrata” horrek defenditzen duen edukia zein den, kontrako ideiak dituzten biek argudio bera baliatzen baitute.

Hau da, Kataluniako egoerari irtenbide demokratikoa eman nahi diote alde guztiek: Espainiako Konstituzioaren defentsa sutsua egiten dutenek, zein alde bakartasunetik Kataluniako Errepublika eraiki nahi dutenek. Baina, orduan, zein da irtenbide demokratikoa?

Egun Katalunia egunkarietako portadetan mantentzen duen gertaeren jatorria urte batzuk lehenago jarri behar dugu. Alde batetik, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutua ukatu zuen 2010ean; aurrez kataluniarrek erreferendumean eta Espainiako Gorteek onartu zuten testu berbera. Jasotako ezetzak ernatu zuen egungo prozesuaren hazia. Bestalde, Estatuko ordezkapen sistemarekiko desadostasuna adierazten zuen mugimendua piztu zen 2011an, oro har 15M bezala ezagutzen dena. Mugimendu horrek eginiko eskaerek ere eduki zuten oihartzuna Katalunian, horren adibide argiena, urte hartan bertan Parlamentua inguratu izana.

artur mas

Demokraziaren aldarria

Bi mugimendu horiek eraldaketa demokratikoak galdegiten zituzten. Eraldaketa nahi hori argi azaltzen du Mario Zubiaga EHUko irakasleak: “Azkeneko hauteskundeetan Katalunian gehiengo oso batek esan badu ez zaiola gustatzen konstituzio hori, eta ez duela beretzat hartzen, esan nahi du Katalunian data iritsi zaiola Espainiako Konstituzioari”.

Biak ala biak eskakizun demokratikoak ziren, txanpon berberaren bi aldeak. Katalunian, ordea, bi eskariek bat egin zuten. Ordezkatze sistema klasikoarekiko kritika eta eraldaketa eskaria nazio askatasunaren aldarrikapenean txertatu zen; honela, bi eskari demokra
tikoak autodeterminazioaren aferak barnebildu zituen. Demokrazia eskaerak presio handia egin zuen gizartetik, eta hori izan berau kanalizatzeko tresna.

Aldarriak, 2010ean indarra hartu zuen unetik hazi egin da esponentzialki; erabakitzeko eskubidearen eta independentziaren aldekoak etengabe hazi dira. Horren erakusle da, besteren artean, herritarren %80 erabakitzeko eskubidearen aldeko izatea, eta udalerrien %90 ere, Nuria Miralles CUPeko idazkaritza nazionaleko kidearen eta Zubiagaren arabera.

2010ean Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutua ukatu zuenean ernatu zen egungo prozesuaren hazia.

Azkeneko Diadan, 2015 ekoan, herri baten populazioaren %15-20 mugitu zen aldarri baten alde.

Baina Mirallesek dioen antzera, mobilizazio indepedentista handiena ez da izan hauteskundee
tan baizik eta kalean. Alderaketa interesgarria egiten du Zubiagak horren harira; azkeneko Diadan, 2015ekoan, zenbat milioi pertsona mugitu ziren aztertuta, herri baten populazioaren %15-20 mugitu zen aldarri baten alde. Espainia mailan ehuneko berdinak aplikatuta, ez litzateke posible izango horrelako manifestazio bat; non biltzen dira, ehunekoak mantenduta, 7 edo 8 milioi pertsona?

Deigarria da, halaber, Zubiagak prozesua Kataluniako gizartean aparraren antzera hedatu izanari egozten dizkion arrazoiak. Bere ustetan, orain arte Espainiako Gobernuak mantendutako jarrera ezezkorra izan da gorakada horren erantzule. Gobernuaren jokamoldea azaltzeko ondorengo arrazoia ematen du: egoera honetara heldu gara ez zaiolako erantzuna eman aurreko markoari, erabakitzeko eskubidea bai ala ez markoari. Bere iritziz, Espainiak beldurra dio aurreko markoari, badakielako galduta zeukala eztabaida aurreko markoan, eta pentsatu du hobe dela marko independentistara eramatea eztabaida hau, hor irabazteko aukera duelako. Eztabaida independentzia bai ala ez baldin bada, posizioa parekatu egiten da. Behartu egin ditu ICV, Catalunya Sí que es Pot eta PSC Espainiaren aldeko defentsa egitera.

Erreferenduma irtenbidea ote?

Prozesu honen irtenbidea zein izango den argi dauka Zubiagak: “Nik esango nuke modu oso partikularrean, indar metaketa honek guztiak, arrazoizko ikuspegi batetik beiratuta, emango duen emaitza izango dela Kataluniak legezko erreferendum bat egingo duela bere estatus politikoari buruz”.

Baina denak ez datoz bat erreferendumaren irtenbidearekin, bando “demokrata” batean zein bestean. Mirellesek dio tresna “arriskutsu eta manipulagarria” dela. “Ezezkoaren alde egingo ez lukeen jende askok aukera hori hautatuko luke, baina umezurtz utziko lituzke, nolabait. Bere bizitzaren etorkizuna, baita familiarena eta komunitatearena momentu batean aukeratzera behartzen ari zara egoera horretan”.

Demokraziak herritarren nahiaren arabera jokatzea inplikatzen du, baina gizartearen erabakia zein den ondorioztatzeko iritzia emateko mekanismoak erabiltzea beharrezkoa da, hots, mekanismo partehartzaileen beharra dago. Zubiagak hainbat mekanismo azaltzen ditu “demanda edo errebindikazio sarrera desberdinak” jasotzeko. Bata “botoa edo boto arautua”, beste bat litzateke “mobilizazioa kalean, maila desberdinetan”. “Erdibideko formulak” ere aipatzen ditu, A-9ko kontsulta, esaterako. Beste modu batzuk “ikuspegi korporatiboago batetik, interes talde, presio eta bestelakoek egiten dituztenak”.

Mirallesek ere erreferendumetik haratago begiratzen du; prozesu hau “botoetara itzuli da” lehenago “mugimendu herritarra” egon zelako. Kataluniako gizartearen aktibismo politikoa azpimarratzen du: “Ez soilik independentziaren kontuagatik, murrizketen aurkako borroka oso indartsua izan da, azkenaldiko greba orokorrak oso indartsuak izan dira, hau da, herriaren mobilizazio politikoaren gaitasuna bozka bat hautestontzi batean jartzetik haratago doa”.

1332949070_1

Hirugarren bidea

Baina Zubiagak beste parte-hartze mekanismo bat proposatzen du gizartearen nahia gauzatzeko Kataluniako prozesuan, “herri mailan, behetik gora eta udaletatik abiatuta prozesu konstituziogilea”. Zubiagaren hitzetan, prozesu horrek legedi propio baten garapena erabakiak hartzeko gaitasunaren garapena udaletatik hastea dakar, eta lanean hastea de facto estatu bat izango balira bezala udaletatik erabakiak hartzen, horrek suposatzen duen ikuspegi parte-hartzailearekin. EHUko irakaslearen arabera, “zenbait alderdik” bultzatzen duten bidea da hori; CUPek hain zuzen.

Mirallesen hitzetan mekanismo hoberena prozesu konstituziogile “parte-hartzaile eta herritarra” da; horren bitartez etorkizuneko Kataluniako Errepublika zentzuz eta edukiz doitzen da; galdera planteatzeko garaian, baiezkoa eman ezkero, ze Kataluniari baiezkoa ematen zaion zehazten da.

Esaterako, CUPek proposatutako prozesu konstituziogileak hainbat maila edukiko ditu, eta ahalik eta parte-hartzaileena izaten saiatuko; horretarako, udalak, herri mugimenduak, sektorekako mugimenduak, sindikatuak, bestelako antolakundeak, erakunde publikoak inplikatzen saiatuko dira, hau da, akordio sozial justuago bat lortzea litzateke helburua, berdintasunaren aldekoa, askeagoa, soberanoagoa. Finean, gizartea egituratzen duten muineko aspektu guztiak eztabaidatu nahi dituzte, CUPen esanetan, horiek beti etorri izan baitira Espainiako Estatutik edo Kataluniako eliteek beren kabuz adostu dituztelako. Gizartearen berdefinizio prozesu bat da, etorkizuneko Kataluniaren eraikuntza prozesua, edukiz betetzea, tresnaz doitzea, eta beste akordio sozial bat lortzea, zeinarekin gizartearen zati zabal bat eroso sentituko den. Ideia hori baina, parlamentura eramango litzateke, CUPek ez baitu nahi proiektu alderdikoi bat edo alderdi bakar bati lotutako proiektu politikoarekin lotu dadin; instituzio publikoen iniziatiba bilakatzea nahi dute, Kataluniako soberania jaso dezan.

Hasierara itzulita, Katalunian azken urteetan izandako eskari demokratikoak, Kataluniako nazioaren autodeterminazioa indarrean jartzea, eta mendebaldeko demokrazia ordezkatzailea eraberritzeko beharra, erantzuna jasoko lukete. Prozesu konstituziogilearen baitan, Kataluniak Espainiako Estatuarekin eduki nahi duen harremana zehaztuko litzateke, alde batetik. Eta bestetik, demokrazia ordezkatzaile klasikotik haratago, demokrazia forma berri eta sakonagoak eskainiko lizkioke bipartidismoaren amaiera iragartzen duten horiei. Azken urteetan Katalunia astindu duten fenomenoei irtenbide demokratikoa.

Erreportaje osoa: Katalunia demokrazia eske