Archivo de la etiqueta: generoa

Zabaldu begiak

“Transexualitatea izateko beste era bat da, begi urdinak izatea bezala. Horrek suposatzen duen gauza bakarra da medikuak zure genitalen arabera neska edo mutila zinela esatean, nahastu egin zela” Xabier Lozano

Gai hau ulertzeko beharrezkoa da genero identitatea zer den ulertzea. Maiz, sexu identitatearekin nahastu ohi da, baina ez da gauza bera. Sexu identitatea erakarpen sexualarekin lotzen da; hau da, gizabanakoa bisexuala, homosexuala edo heterosexuala den. Genero identitateak, ordea, sexu psikologikoari egiten dio erreferentzia; sexu organoetatik at, bakoitzak duen generoari. Jaio orduko sexatzen gaituzte gure sexu organoen arabera. Zakila badu mutikoa izango da, alua badu neskatoa. Genero biologikoak zehazten al du, bada, gure izatea?

Ohikoena organo sexualak genero identitatearekin bat joatea den arren, ez da beti hala gertatzen. Eredu tradizionaleko gizarteetan, gehiengoena normaltzat hartzen denetan, beharrezkoa da baieztapen hori errotik aldatzea. Haurrei sexu heziketa irakastean ere, zakila-mutila, alua-neska azaltzen diegu. Bada garaia genero identitateari bidea irekitzeko. Gure haurrek jakin behar dute pertsona baten genero identitatea ez dutela sexu organoek mugatzen.

Pertsona baten sexu organoa eta genero identitatea bat ez badatoz, transexuala izango da. Ez da egoera berri bat, transexualitatea beti existitu izan da. Urte askoz isilpean gorde izan da, gizartearen erantzunaren beldur. Egun, argitara ematen den arren, gizarteak asko du ikasteko. Ez al da nahikoa sufrimendu zure genero identitatearekin bat ez doan gorputz batean preso egotea, gainera, gizartearen aurreiritziak jasan behar izateko?

Ez pentsa gure inguruan egoera hori ematen ez denik. Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea anitza da. Zaila da bizi diren transexualen estimazio zehatza egitea. Ararteko datuen arabera, EAEn 108 transexual daude eta urtero hiru kasu berri agertzen dira. Errespetuz erakundeak 2014. urtean 650 kontsulta jaso zituen. Euskal Autonomia Erkidegoan nazio mailan baino erakunde gehiago daude transexualitatearen arloa jorratzen dutenak. Gainera, sexu aldaketarako tratamendua gizarte segurantzak bermatzen du. Espainiako hainbat erkidegotan, aldiz, ez da doakoa edo eta zailtasun asko jartzen dituzte sexu aldaketa egin ahal izateko. EAEko instituzioen eta erakundeen kudeaketa eredutzat dute.

Eusko Jaurlaritzak transexualitatea kudeatzeko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, nagusia Berdindu da. Zerbitzu hori Gipuzkoan Gehitu elkarteak kudeatzen du eta Bizkaian eta Araban Aldartek. Sexu eta genero aniztasunari buruz informazioa eta arreta ematen die lesbianei, gayei, transexualei, bisexualei, intersexualei eta haien ingurukoei. Helburutzat gizarteak kolektibo horiekiko duen pertzepzioa aldatzea eta pertsona hauen gizarteratzea dira.

Helburu horiek betetzeko, hiru zeregin berezi ditu; lehenik, Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexual elkartekoei edo hara gerturatzen direnei arreta eta aholkuak ematea sexu-joeraren edo sexu-genero-identitatearen inguruko edozein gairi buruz.  Bigarrenik, informazioa eta arreta ematen die hezkuntza-komunitateari, gizarte-eragileei eta profesionalei, komunikabideei eta, oro har, herritarrei. Azkenik, erakundearen xedea LGBTI fobia desagerraraztea izanik, LGBTI kolektiboari eragiten dieten lege eta politikak proposatzea eta diseinatzea.

 


 

Euskal Herrian transexualitatea kudeatzen duten erakundeetako batzuk ondorengoak dira:

GEHITU

Sexu orientazioagatik edo identitate sexualarengatik edozein motatako diskriminazio sozialekin zein legalekin amaitzea da beraien xedea. LGTBren eskubideak defendatzeko ekimenak bultzatzen ditu eta bazterketaren aurka lan egiten du, batez ere komunikabideetan, erakunde publikoen aurrean eta hezkuntza-arloan.

ERRESPETUZ

Transexual talde batek sortu zuen, konturatu ondoren EAEn horrelako zerbitzu baten hutsunea zegoela, hau da, egoera horretan aurkitzen diren pertsonei laguntza, arreta, eta informazioa eskainiko dizkien zerbitzu baten hutsunea. Transexualek Errespetuzera jotzen dutenean euren berdin baten arreta bilatzen dute; konprenitzen dituen norbaitena. Informazioaz gain, kontsolamendua ere bilatzen dute.

CHRYSALLIS

Haur eta nerabe transexualen familiek osatutako taldea da; familiako kide guztiek dute lekua Chrysallisen. Erakundeak lortu nahi du familiak bakarrik ez sentitzea bidean. Beraien antzeko egoeran bizi diren familiak eta haurrak elkartu nahi ditu erakundeak.

ALDARTE

Aldarte gayei, lesbianei eta transexualei arreta zerbitzua, hezkuntza eta babesa eskaintzen dien elkartea da. Aldartek zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu: lege aholkularitza, ikerketa eta dokumentazioa, laguntza psikologikoa, Berdindu familiak eta Berdindu pertsonak.

 


 

Erakundeek lan handia egin arren, badira oraindik ere konpondu beharreko hainbat arazo.Pertsona transexualek oztopoak aurkitzen dituzte gizartean. Kalean edo leku publikoetan duten onarpen eza ez ezik, EAEko funtzionarioek gaiaren inguruan duten ezjakintasuna jasan behar izaten dute. Funtzionarioek ez dituzte ezagutzen transexualen eskubideen aldeko legeak Hori dela eta, hainbat egoeretan transexualak eurak dira funtzionarioei azalpenak ematen dizkietenak. Lege nagusiak bi dira:  14/2012  legea, ekainaren 28koa, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari egiten dio erreferentzia. Bigarrena 3/2007 legea da, martxoaren 15ekoa eta erregistroan pertsonen sexuaren aipamena zuzentzeko eskubidea arautzen du.

Osasun zerbitzuak pertsona transexualentzako, bereziki, oso garrantzitsuak dira. Baina mediku askok ez dakite gaia nola tratatu behar duten. Transexual bat medikuarengana joaten denean, askotan, zailtasunak ditu. Mediku askorengatik pasatu beharra dauka, bukaeran berriro lehenengora itzultzeko. Hori guztia komunikazio faltaren ondorio da. Pertsona horiek ez dira gaiaren inguruan informatuak izan, eta aipatu berri diren bezalako gertakariak gertatzen dira ondorioz.

Gizartean ere gaiaren inguruko ezjakintasuna dago, horregatik transexualek zailtasunak dituzte onartuak izateko. Aurrez aipatu bezala, pertsonak emakumezko eta gizonezko direla soilik irakasten da txiki-txikitatik, eta, horregatik, zaila egiten da transexualen kasua ulertzea eta onartzea.

Aldea dago gizonezko edo emakumezko transexual izatearen artean. Emakumezko transexualek zailtasunak gizartean dituzte nagusiki. Itxura fisikoari begira, transexualitate prozesua gehiago antzematen da eta gizartearen erantzuna ez da ona kasu askotan. Gainera, emakumea bigarren mailako genero kontsideratzen den gizarte patriarkal honetan, emakumezko transexualek zailtasun handiagoak dituzte. Behin emakumezko batek transexuala dela adierazi duenean, gizartean mailaz jaitsi dela bezala hartzen da. Gizonezko transexualen kasuan aldiz, gizarte maila eskala horretan gora egin duela ikusten da eta zailtasunak ez dira hainbestekoak gizarte aldetik.

Normalizazioa lortzea prozesu luzea da eta ezin da bat-bateko aldaketarik lortu. Gizartean oso barneratuta dago gizon-emakume binomioa eta zaila da gizartean pentsaera aldatzea. Horregatik, denbora eta lanketa handia behar da emaitzak ikusteko.

ERRONKAK

Etorkizunean lortu beharreko erronketako bat genero rolekin amaitzea da. Aipatu bezala, genero rolak txikitatik irakatsi izan dira. Transexualitatearen onarpena lortzeko beharrezkoa da horiekin amaitzea. Gizon-emakume binomio tradizional horrek mugak jartzen dizkio genero identitateari. Gizartean, ez da gutxiengo horien berri, eta ezagutza hori funtsezkoa da gainontzekoen eskubide berak izateko. Gizarteak, transexualen guztizko ezagutza lortzen duenean lortuko da genero rolekin amaitzea.

Egungo gizarteak duen arazorik handienetako bat transexualitatea gaixotasun kontsideratzen dela da, hau da, patologia. Munduko Osasun Elkarteak (MOE) transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendan sailkatzen du, ondorioz, transexualitatea psikologiatik edo psikiatriatik aztertzen da; hau da, Transexual batek estatus horren onarpena jasotzeko, sexu-aldaketa egin ahal izateko, bere benetako identitatea onartua izateko eta NANan generoa errekonozitzeko, psikiatra baten onarpena behar du. MOEren, pisua duen, erakunde batek transexualitatea patologia dela esateak eta medikuntzaren arloko profesionalek egoera horri aurre egin ezean, pertsona transexualen bazterkeria areagotzen du.

Gizarteak transexualitatearen egoeraren berri jakiteko eta gizarteko dibertsitatea onartzeko beharrezkoa da komunikabideetan gaia normalizatzea. Komunikabideak gizarteari mezua helarazteko bitarteko izan behar dute.

Erronka hauei aurre egiteko denbora behar da. Ez da gauetik egunera lortuko aldaketa. Horretarako funtsezko tresna hezkuntza da. Transexualitatea hezkuntzan garatzea beharrezkoa da normalizazioa lortzeko. Egun, egin dira hezkuntzan aurrerapausoak. Zorionez, generazio berriek erraztasunak dituzte aspektu honetan, eta, transexualitatearen onarpena errazagoa da. Era berean, pertsona transexualek euren nortasuna adierazteko askatasun handiagoa dute. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko.

Erronkak zailak eta epe luzekoak dira; urteak beharko dira ereindako haziak loratzeko. Borroka honetan ezin da etenik egon, nahi edo ezko borroka da normalizazioa lortzeko. Saray Montes transexualak esan bezala: “Niretzat ideala inor borrokan ez egotea litzateke, ez dagoelako borrokatu beharreko ezer”.

GORPUTZA PRESONDEGI

Zer egingo zenuke zure 4 urteko semeak neska izan nahi duela esaten badizu? Eta 14 urterekin amaren arropa janztea nahi badu neska sentitzen delako? Genero-disforia duten pertsonen genero identitateak eta sexu biologikoak ez dute bat egiten. Arazoa haurtzaroan hasten da, eta nerabezaroan egoera konplexuagbihurtzen da.                                             Horrela hasi zen Maialenen kasua.

Kepak eta Arantzak poz handia hartu zuten guraso izango zirela jakin zutenean. Haurdunaldi gazi-gozoa izan zen, eta bederatzi hilabeteren ostean jaio zen Iñigo.

Haurraren lehen lau urteak normaltasunez igaro zituen familiak. Etxeko txikiak bere adineko beste edozein umek bezala jardun zituen urte horiek, bere hitzetan eta jarreran gauzak aldatu ziren arte.

Gabonak iristean Iñigok bere opariak jaso zituen, baina beste urteetan ez bezala ez zien jaramonik egin. Bazirudien gurasoek erositako kamioi eta tren jolasak ez zitzaizkiola intereseko iruditzen. Familian elkartu ziren, urtero bezala, eta mutikoak bere lehengusinen panpina berriekin jolastu nahi zuen. Ordutik aurrera Iñigoren gurasoak konturatu ziren bere mutikoak gizartean nesken jolas kontsideratzen zirenak zituela gustuko, ez ordura arte oparitzen zizkiotenak; ez zioten garrantzi handirik eman, ordea.

Gabon horien ostean gauzak asko aldatu ziren. Iñigok jada kontzientzia gehiagorekin hitz egiten zuen, bizi zuen errealitatearen nozioa zuen eta ispiluan ikusten zuena ez zitzaion gustatzen. Egoera horren berri ematen zien gurasoei. Hala ere, behin etxean “nik lehengusinak bezala, neska izan nahi dut” esan zuenean hartu zuten zentzua Iñigok ordura arte bidalitako.

46148_525626700803752_75501689_n

Kepak eta Arantzak ez zuten egoera inorekin partekatu. Internet bitartez hasi ziren haur eta hezkuntza foro ezberdinetan bizi zuten egoeraren inguruko informazioa biltzen, guraso askoren istorio eta kontakizunak topatzen. Bertan genero-disforia, transexualitatea, genero ez normatiboa, gay, transgenero eta ezezagunak zitzaizkien beste kontzeptu askoren berri izan zuten lehen aldiz. Baita LGTB kolektiboari buruzko informazio gehiago ere. Gizarteak orokorrean izan ditzakeen aurreiritziez eta estereotipoez ohartarazi ziren. Ordura arte ezezaguna zitzairen errealitatea ezagutzen hasi ziren. Baita ordura arte Iñigok bidalitako mezuak ulertzen hasi ere. Ezezaguna zitzaien egoera horren aurrean, laguntza profesionala bilatu behar zutela ohartu ziren.

Gai horietan aditua den psikologo batengana jo zuten: Jesus Estomba. Berak zein pausu jarraitu behar zituzten eta egoerari aurre nola egin azaldu zien; izan ere, genero-disforia duten haurrek mezu oso argiak bidaltzen dituzten arren, urteetan aurrera umeak duen eboluzioa gertutik jarraitu behar da, transexualitatea ez den beste errealitate batzuen aurrean egon daitezke eta.

Estombak Berdindu! erakundearekin jarri zituen harremanetan, Euskal Herriko transexualen egoera kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen erakundearekin. Bertan Sarai Montes eta Ares Piñeiro ezagutu zituzten, biak transexualak. Beraiei esker kontzeptu nahasmena argitzeko aukera izan zuten. Beharrezkoa da gaiarekin lotutako kontzeptu garrantzitsuenak ondo ulertu eta argi izatea.

Egoera bera bizi duten hainbat gurasoen esperientzia ezagutzeko aukera eskaini zien Berdinduk. Esperientzia horiekin beste ume askok zenbat sufritu izan duten ikusi zuten, eta Iñigok hori guztia ez jasatea zen helburu nagusia. Ordura arteko susmoak aurrera eginez gero eta Iñigo transexuala izanez gero, gurasoak egoera horretarako prestatu beharko liratekeela abisatu zitzaien.

Gurasoak kezkatuta bueltatu ziren etxera, prozesua zaila izango zelako, baina bazekiten txikiaren onerako izango zela; haurra zoriontsu izateko beharrezkoa zen.

Oraindik ere ondorioak ateratzeko goiz zen arren, gurasoek Berdinduko profesionalekin batera bidea eraikitzen hasi ziren. Iñigo agian ez zen Iñigo izango, txikiak betidanik neska zela sentitzeko aukera bertan zegoelako. Hala izanik, gurasoek azkar ulertu behar zuten txikiari erreferentzia egiteko erabiltzen ziren hitzak maskulinoan erabiltzeak mina sortu ziezaiokeela, erabiltzen den hiztegiak duen eraginaz ohartaraziz, adibidez.

Gainera, beste eskola guztietan gertatzen zen bezala, eskolan ez zegoen horrelako egoerarik kudeatzen jakiteko jarraitu zitekeen protokolorik. Irakasleek, egoera askotan, ez zekiten zer egin edota zein jarrera hartu egoeraren aurrean. Egoera berria baitzitzaien.

Berriro ere, asko lagundu zien Berdinduk; izan ere, beste ume, guraso eta irakasleei egoera ulertzen lagundu zien.

Iñigok sei urte bete zituenean guraso eta profesionalek gero eta argiago zuten transexuala zela. Urte horietan, txikiak, Maialen izena gehiago gustuko zuela zioen han eta hemen, eta profesionalen aholkuetan, Kepa eta Arantzaren txikia Maialen izaten hasi zen.

Ordurako, familiako gainontzeko kideak gaiaren inguruan informazioa jasoa zuten. Maialenek bere lehengusinekin egiten zuen jolas: arropa, panpina eta makillajearekin. Igarotako Gabonetan ere gurasoek egindako opariak gustukoago zituela adierazten zuen Maialenek, dena Berdinduko profesionalek zioten bezala ari zen gertatzen.

Zortzi urte bete zituenean jada neskato itxura zuen. Soineko, ile luze eta beste zenbait konplementurekin irteten zen kalera.

espejo

Eskolan, irakasle eta Berdinduko profesionalak gainean zeuden arren, batzuetan bere ikaskideen irainak jasotzen zituen. Gainontzeko umeek ez zuten ulertzen lehen Iñigo zen mutikoa nola izan zitekeen orain Maialen.

Neskatoak gauza asko lortu bazituen ere, eta zoriontsu zen arren, bazirudien beti zerbait gehiagoren beharrean zegoela. Ez zuen ongi ulertzen zergatik eskolako aldageletan ezin zen gainontzeko neskatoekin aldatu, zergatik komunera zihoan bakoitzean oraindik ere zutik egin behar zuen pixa gainontzeko neskatoek eserita egiten bazuten.

Pixkanaka konturatzen hasia zen neskato itxura lortu zuen arren, bere baitan, bere gorputzean, zerbait faltan sumatzen zuela. Berak oraindik ezin zuen ulertu.

Gurasoak egoera horretarako prest zeuden arren, adingabeen egoera juridikoa oso konplexua da eta ezer gutxi zuten egiteko. Maialenek hormonak hartuko zituen denbora gutxira, bere gorputzak hainbat aldaketa jasango zituen, baina hemezortzi urte bete arte itxaron beharko zuen fisikoki aldaketarik handiena egiteko: sexu aldaketa.

NERABEZAROA…

Nerabezaroan argi zuten guztiek Maialen transexuala zela. Maialenek geroz eta hobeto ulertzen zuen bere egoera, eta bazekien gauza batzuek denbora behar zutela.

ccoo-trans-educacion

Laguntza psikologiko handia jaso behar izan zuen ordea nerabezaroan zehar. Itxuraz neskatila zen eta horrela kontsideratzen zuten bere ingurukoek.

Hala ere, bere lagun guztiek bere lehen maitasun istorioak zituztenean, berak oraindik ezin zituen normaltasunez bizi. Zaila egiten zitzaion mutilari Maialen izan arren hanka tartean berak zuen berdina zuela azaltzea.

Harreman berriak egiterakoan, kontu handiz ibili behar izaten zen askok, bere ezjakintasun eta heldugabetasunagatik, iraindu eta min egiten ziotelako.

Nerabezaro konplexu baten ostean, Maialenek hemezortzi urte bete zituen eta bere urtebetetze eguna oso berezia izan zen. Ordura arteko guztiak prozesu luze bat osatzen zuen, baina egun hartatik aurrera beste prozesu luze eta konplexu bati emango zion hasiera. Sexu aldaketak laguntza psikologiko gehiago eskatzen zuen, bere gorputzak jasango zuen aldaketa handi horretarako prest egon behar zen Maialen.

HELDUTASUNA: OPERAZIOAREN ONDORENGO BIZITZA?

Maialenen istorioak amaiera zoriontsua izan duen arren, gure inguruan oraindik ere pertsona askok sufritzen dute aukeratzen ez duten egoera. Munduan, bere buruaz beste egitea izaten da transexual askoren irtenbide bakarra.  Datuak kezkagarriak dira.

mapa

Leelah Alcorn estatubatuarra izan da azkeneko biktima. 17 urteko transexualak bere buruaz beste egin zuen abenduaren 28an, ingurukoen onarpen ezak bultzatuta.  Genero-disforia errealitatearen parte bezala identifikatzea, XXI. mendeko erronka nagusietako bat da. Eta errealitatea denez, ez da ezkutuan eramateko ezer

Maialenen bizitzarekin identifikatuta sentitu bazara, edo genero-disforiaz gehiago jakin nahi baduzu, deitu Berdindu!-ren zenbakira: 675459317 edo 9434685

Erreportajea kontsultatzeko eta deskargatzeko klikatu hemen: Gorputza presondegi