Archivo de la etiqueta: Bergara

MORETIK HARATAGO

“Indarkeria sukarra baino ez da. Berdintasun eza da gaixotasuna”

Sei. Itxuraz zenbaki bakarra badirudi ere, esanahi krudela du atzetik. 2015ean sei emakume erail zituzten beraien bikotekideek edo bikotekide ohiek Euskal Herrian. Espainian 57, Frantzian 118… Zer dago, baina, zifra horien atzean? Estatistikak dira, bai, baina zer dira ba, estatistikak, errealitatearen argazki bat baino ez badira? Gurasoen, seme-alaben, lagunen, ezagunen, bizilagunen… sufrimendua islatzen dute. Guztiek sufritzen dute inguruko pertsona baten sufrimenduarekin, eta are gehiago justifikaezina denean.

Baina, zoritxarrez, ohitu egin gara eta gure harridura zenbakietara mugatzen dugu. Zorigaitzaren oihartzunak irauten duen bitartean, etengabeak dira “emakume gaixo” baten kasuaren irudiak albistegietan. Bi egun horiek pasa ostean, ordea, zifren multzoan sartzeko txartel dohaina irabazten du emakume horrek. Ohitu gara berdintasun faltara, ohitu gara tratu txarretara, ohitu gara behin eta berriz eraildako emakumeen berri izatera. Ohitu gara.

Eta bidegabeko ohitura horien barruan, hutsune bat dagoela jabetzea zaila egiten zaigu. Hedabideek kasurik gogorrenak erakusten dizkigute: indarkeriarik latzena jasan duen emakume baten istorioa, eraila izan den arte. Baina, atzetik, guretzako ikusezinak diren ehundaka kasu daude. Eta, zoritxarrez, ikusezinak dira erailak izan ez direlako.  Emakundeko iturriek diotenez, tratu txarren kasuen %75aren inguruan erakundeek ez dakite ezer. Baina emakume horiek ere jasan dute arazoak suposatzen duen gaitz erraldoia. Batzuek aurrera pauso bat emateko kemena izan duten arte.

Horrela, prozesu luze bati eman diote hasiera, epaiketaz epaiketa, ametsgaiztoaren irteera bilatuz. Orduan, tratu txar horien eragileak zigorra jasoko du eta biktima askea izango da. Baina, zein puntutaraino izango da libre? Noiz arte izango da biktima? Nolakoa izango da emakume horren bizitza une horretatik aurrera? Nolakoa izango da bere “bergizarteratzea”? Galdera mordoa, erantzun gutxi.

mujer-y-carcel

Eta ondoren, zer?

“Indarkeria erabili duen gizon batek bere zigorra betetzen duenean, gaizkile izateari uzten dio. Indarkeria jasan duen emakume batek ordea, betirako izan behar du biktima? Zergatik?”. Indarrez, dardar egin gabe, galdera hori bota zuen Nereak. Nerea, Raquel bezala, urteetan “maitasunaren” (sasi-maitasunaren) alderik ilunena ezagutu zuen emakumea da. Biak Tabakaleran azaroaren 23an ospatu zen “Hitza ematen dut” proiektuan ezagutu genituen. Proiektu honek “hitza” du erdigune, Miren Elgarrestaren, Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendariaren, hitzetan, “gizarteko arazoak eraldatzeko tresna egokiena baita”. Bi emakumeak Eibarko “Andretxe” edo “Mujeres al cuadrado” elkarteko kide dira. Elkarte honek genero biolentzia jasandako emakumeei laguntza eta orientazioa eskaintzen die.

Captura de pantalla 2016-01-13 a la(s) 23.56.42

Hitzen tartean, egi trinko eta garrantzitsu bat azaleratu zuten bi emakumeek. Tratu txarrak jasan dituen emakume batek ez dio inoiz biktima izateari utziko gizarteak ez badio paper hori kentzen. Biktima “biktimizatzea” da, hain zuzen, biktima izatera bultzatzen duen gaitzik handiena.

Beraien sufrimenduaren eragilea kondenatua izan zen egunetik, biktima izateari utzi zioten Nereak eta Raquelek. Hala ere, emakume gehiegi daude oraindik biktima sentitzen direnak, biktima-ohi izan beharko liratekenean. Eta horren atzean, bi egoera nagusi daudela salatu zuten. Batetik, hedabideek ikuspegi lizunarekin eta amarrutsuarekin lantzen dituztela gai hauek: “zenbat aldiz jotzen zintuen egunean?”, “zein izan zen eman zizun kolperik mingarriena?”, “ikusten al zituzten zure seme-alabek indarkeri egoerak?”, “beldur zara oraindik ere?”. Galdera horiek guztiek efektu mingarria dute beraientzat, ez baitiete bidea irekitzen bergizarteratzera: gizarteko “beste pertsona bat gehiago” izateko. Gainditze istorioa oro

imenera ekartzeko garratzak diren kontakizunengatik estalita geratzen denean, emakume horrek  biktima izaten dirau.

44fb3f4ef010ddfdbe35485352230da1

Bestalde, gizartearen konplizitate falta salagarria da oraindik ere. Raquelen eta Nerearen hitzetan, errekuperazio prozesua oso zaila izango litzateke akonpainamendu sendo bat egongo ez balitz. Laguntza horrek gizartetik eta erakundeetatik etorri beharko luke, emakumeari bere emozioak kudeatzeko bitartekoak eman behar baitzaizkio. Erakundeei dagokionean, badaude lan hori betetzen duten zerbitzuak; tamalez, gizartea epel samar ageri da oraindik ere auziaren aurrean.

Erakundeetako zerbitzuei begira, Nereak eta Raquelek hiru zerbitzu nagusi aipatu zituzten, askoz gehiago badira ere. Haietako bat, OsaNatur. Beraien hitzetan, “sendatzen” lagundu dituen elkartea da. OsaNatur “gizakiaren eta naturaren adiskidetza lortzeko asmoarekin eta esperientzia eta ikerketaren bitartez, natura-, animali- eta giza-portaera besarkatuz ezaguerak sortzen” dituen elkartea da. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko psikologia-zerbitzua ere aipatu zuten eta baita Eusko Jaurlaritzako Urratsez urrats proiektua. Proiektu honek baliabide zehatzak eskaintzen dizkio emakumeari, erreferentziaren bat eduki dezan eta, gutxienez, zer alternatiba dituen jakin dezan.

Hala ere, laguntza guztia gutxi da gure gizarteak sortu duen zulo larri hau estaltzeko. Izan ere, bi emakumeek ondorio kezkagarri bat mahaigaineratu zuten: indarkeria sukarra baino ez da, berdintasun eza duen gizarte gaixo batean.

 Arazoaren eragilea, arazoaren konponbidea?

Mendez-mende, belaunaldiz-belaunaldi, elur pelota baten gisara hasiz joan den arazo baten aurrean gaude. Berdintasun faltaren iturburua ezin da iraganeko puntu jakin batean finkatu. Jaiotzen garen unetik rol batzuk esleitu izan zaizkigu, sexuaren arabera, sexu organoen arabera. Gizarte garaikidean ere eskema horretatik irten gabe jokatzen du gizarte orok. Gizonak gogorrak, indartsuak, ausartak, aseptikoak omen; emakumeak aldiz bihozberak, bigunak, maitakorrak. Rolen bereizketa hutsa arazoa izanik ere, auzia ez da horretara mugatu. Izan ere, rol bakoitza estatus maila jakin batekin lotzen da, jarrera batzuei prestigio gehiago ematen diegu, gizonezkoen rolak izanik ia beti abantailadunak. Ez da ba garaia, beraz, rol hauekin hausteko? Zein da lehen urratsa emateko ahalduna?

Ander Ber

Ander Bergara azaroaren 20an ezagutu genuen, Bilboko Eusko Jaurlaritzako egoitzan. Itxaropenez beteriko hitzak aurkitu genituen berarekin partekatu genuen elkarrizketan. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, ia 20 urte daramazki Emakunden aholkularitza lanean gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak ezabatzeko helburua burutik kendu gabe. Gaur egun “Gizonduz” proiektuaren koordinatzailea da, hau da: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean gizonen paperaren garrantzia azpimarratzen duen programa. Helburua gizonezkoa auzian inplikatzea da. Bergararen aburuz, rolen eta estatusen banaketa da arazoaren pizgarria, estatus ezberdintasunak zapaltzaile eta zapalduen jokoa baitakar.

Diskriminazioaren oinarrian aurrezarritako rolak daudela kontsideratzen du. Ez da bakarrik jaiotzen garen momentutik dugun mezu edo kolore sinple baten existentzian ezberdintasunak daudela, baizik eta, arazoa, batzuk besteek baino balio handiagoa hartzen dutela da. Normalean gizonek egiten duten oro baloratuagoa dagoela kontuan hartuta, Gizonduzetik planteatzen ari direna emakumeentzako eta gizonentzako hobea izango den gizarte berri bat da. Horrek, gizonek zenbait pribilegio galtzea suposatuko luke. Pribilegio horien galera guztiz aberasgarria litzateke, abantaila ugari etorriko bailirateke beste bide batzuetatik.

Hala ere, horretarako pentsamolde aldaketa bat beharrezkoa izango da, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Pauso handiak ematen ari dira jada, baina hala ere, oraindik asko gelditzen da, diskriminazioa ez baita ikusten. Askotan emakumeak ez dira kontziente diskriminazioa sufritzen dutenik, ezta gizonak zenbait pribilegioren jabe direnik ere. Munduko lider gehiengoak, – bai lider ekonomiko, erlijioso, politiko, kultural, filmetako protagonista, abeslari entzutetsuenak… – gizonak dira. Baina ez gara konturatzen gizonak direnik ere. Eustaten datuen arabera, gizonek ordu bat gehiago dute aisialdirako emakumeek baino.

Etxe barruan ere gizonak baditu hainbat pribilegio. Bergarak dioenez, etxeko lanak egiten dituzten %72a emakumezkoak dira. Lan horiek egiteak egundoko ondorioak dakartza emakumezkoentzat. Lan munduko aukerak, hala nola, murriztu egiten dira. Eta etxe barruan berdintasuna lortzen ez den bitartean, etxetik kanpo ere ez da lortuko. Tolerantzia handia dago; emakumeak nahiz gizonak hainbat jarrera edota gertaera normaltzat hartzen ditugu, baina horiek matxismo sutila dira askotan.

Tratu txarren arlora hurbiltzen bagara, erakunde askoren helburua da eskubide berdinak izatea, baina rol horiek jarraitzen duten bitartean emakumeak indarkeria jasateko aukera gehiago izango ditu. Sufrimendu hori jasan duen emakume baten bergizarteratze prozesuan beraz, badago orain arte alboratu samar egon den eta kontuan hartu beharrekoa den pieza garrantzitsu bat; pieza hori gizona izango litzateke. Bergararen aburuz, gizonek bete behar duten papera ezinbestekoa izango da egoera hauetan. Gizonak pribilegioei uko egiten dien unean, aukeraz betetako etorkizuna zabalduko da.

Batzuetan pentsatu izan da tratu txarrak jasan dituen emakume batek mesfidantza izango duela gizonekiko, gizonengan ikusiko baitu bere erasotzailearen irudia. Baina arlo honetan lanean darabilten ahotsak bat datoz hitz hauek ezeztatzeko orduan. Gizonezkoei ezin zaie talde bereko kide uniforme gisa definitu, noski. Hau horrela, auzi honi aurre hartzeko prest dauden gizonen papera aldarrikatzekoa da. Elgarrestaren hitzetan, “Gizonen paperean badago arazoa, beraiengandik ere etorri behar da konponbidea; ezin da gizonaren papera ahaztu”. Jakina da tratu txarren zulotik irtetzea ez dela batere erraza. Askotan emakume bakoitzaren egin beharrekoa dela pentsatzen bada ere, ideia horrekin hautsi beharra dago. Auzi hau gizartearen auzia izanda, pertsona ororen ardura da egoera horretan dagoen emakume bati lagundu eta babesa ematea; eta hor gizonen kolektiboak berebiziko papera izan dezake. Egoerak entzun, ulertzen saiatu eta bidean aurrera egiten laguntzeko makulu ona izan daiteke. Are gehiago, beharrezkotzat ere jo izan da gizonaren babesa. Bergararen ustez emakumeek shock momentutik errekupertazeko babesa behar dute eta gizonak alboan izatea emakumea lagun dezake kolektibo honekiko izan dezakeen bildurrak uxatzeko. Beraz, gizonak “gizonaren” rolak alde batera utzi eta eredu izan behar du, emakumeei eta, oro har, gizarteari erakutsiz zein izan beharko litzatekeen pertsona zintzo baten benetako papera.

Galdera asko, erantzun mugatuak

Baina nola lortu gizona inplikatzea? Galdera zaila da, eta erantzun eraginkorrik edo zehatzik gabekoa. Argi dago hezkuntza beharrezko lanabesa dela bide horretan. Nahikoa izan ez bada ere, auzi honi aurre egiteko neurririk gehienak bide honetatik etorri dira. Hezkuntzaren bitartez lortuko da kontzientziazioa, eta kontzientziazioaren bitartez lortuko da berdintasun falta eta tratu txarrekin amaitzea.

miren elgar

Injustizia hauen aurrean, justizia eskatzen dugu behin eta berriz. Tratu txarren edo heriotzaren eragilea epaitu eta gartzelan sartzearekin pozik geratzen garela dirudi, arazoa bukatua bailitzan. Baina ez gara konturatzen bidegabekeri horren sortzaile eta zabaltzaile ere bagarela. Zoritxarrez, horrelako kasuak egunero ikusten ditugu gure gizartean. Miren Elgarrestaren hitzetan: “Inor ez da jaiotzen gorrotoa zainetan daramala. Gorrotatzen, ez errespetatzen, tratu txarrak ematen… ikasi egiten da. Beraz, maitatzen eta errespetatzen ere ikasi egin daiteke”. Hezkuntza da gakoa. Eta hori denon ardura da.

Erreportai osoa ikusteko sakatu hemen: MoretikHaratago

– Miren Elgarrestaren diskurtsoa “Hitza ematen dut”en, azaroaren 23an, ikusgai: hemen.

– Ander Bergarari Eusko Jaurlaritzan egin genion elkarrizketaren zati bat, ikusgai: hemen.