Duintasunaren bila ur nahasietan zehar

Prostitutak club batean lanean

Prostitutak club batean lanean.

Espainiako Gobernuak prostituzioa legalizatu edo ilegalizatu erabaki ezinik, alegalitatean mantentzen du. Bitartean, ogibide honetako langileek egoera honen kalteak jasaten dituzte gizarte estigmaren pisu gehigarriarekin.

Deustuko ikasle taldea

DONOSTIA. Munduko ogibide zaharrena bezala ezagutzen dena, lanbide gorabeheratsua izan da beti, pertzepzio eta iritzi anitzen erdian kokatua izan baita. Prostituzioaren zahartasunaren erakusgarri diren adibide ugari daude historian: Homerok Iliádan eszenatoki moduan erabili zuen greziar gizartean, pornaiak, palaikak eta heterak existitzen ziren jada, prostituta maila ezberdinak zirenak, alegia. Ostean, Julius Caesarri bere semeak aiztoa sartzen zion bitartean, Inperio Erromatarreko lurraldeetan zehar langile sexualak eta esklabuak kaleetan eta familia aberatsen domusetan diru truke beraien “duintasuna” saltzen ibiltzen ziren. Zenbait mende beranduago, erlijio kristauaren fruitu diren etika eta moralaren oinarriak finkatu hala, Fernando de Rojasek XV. mendean La Celestina eleberriaren bitartez garaiko prostitutek gizartearengan zuten eragin subertsiboa azpimarratu zuen, Celestina, pertsonaia nagusia “puta, vieja y hechicera” bezala deskribatuz. XIX. mendean, ordea, Engelsek eta Marxek, beraien eskuizkribuetan erregimen burgesaren aurka egiten zuten heinean, ez ziren ahaztu langile sexualen egoera aldarrikatzeaz. Hauen esanetan, emakumeen gorputza (gaur egun ere, langile sexualen zenbaki handiena emakumeak dira) merkantzia bihurtzean, prostituzioa gizakia alienatzeko eta esklabutzeko modu argi batean bihurtzen zen.

Ogibide hau, beraz, betidanik gizarteen bizkarrezurren adats bat izan dela argi dago, hots, desira eta behar sexualari betidanik elkarlotuta joan den errealitate bat izan da. Halaber, ugariak izan dira honen aurrean sorturiko ikuspuntuak eta iritziak, arazoak eta soluzioak, gaur egungo gizartean bereziki, historiako beste edozein arotan baino askoz ere ohituagoak baikaude gure ingurunea eta gizartea legeen bitartez erregulatzera eta, ongia eta gaizkia horien arabera desberdintzera. Azken hamarkadetan, Marxen eta Engelsen ideiak jarraituz, mugimendu feministek emakumea esklabutza mota honetaz askatzea izan dute xede, beste helburu askoren artean. Gaur egun, beraz, bi jarrera kontrajarri nagusitu dira, eztabaida indartsua sortuz: prostituzioaren abolizionismoaren eta legeztatzearen aldeko posturak.

Egun, Espainian prostituzioa ez da legala ezta ilegala ere, alegala baizik. Ez dago estatu mailan erregulazio espezifikorik ogibide honekiko. Kalean lanean diharduen langile sexualak udalerriko ordenantzen bitartez ordena publikoari kalte egiteagatik administratiboki isunduak izan daitezke, baina ez zuzenki prostituzioan jarduteagatik. Era berdinean, praktika horien bitartez etengabe orden publikoari kalte eginez gero, langile sexual bat penalki multatzea badago. Horixe da, hain zuzen ere, Irungo Behobia auzoan ohikoa den egoera. Bertako hainbat eta hainbat prostituta kalean itxaroten egon ohi dira bezeroak noiz iritsiko, eta egoera horretan harrapatuta isundu dituzte asko eta asko. Prostituten ongizatean lanean diharduen Gipuzkoako Aukera proiektuko zuzendariek, Sonia Vegak eta Sandra Martinezek, errealitate hau salatzen dute, inkoherentzia azpimarratuz “no tiene sentido multar a un prostituta por lo penal cuando el oficio ni siquiera está regulado en el Estado”. Bestalde, 1995eko Kode Penala dago, zeinak, Jon Urkola ELAko abokatu laboralak dionez, soilik bortxazko prostituzioan oinarrituriko jarduerak debekatzen dituen, gehiago sakontzera ailegatu gabe.

Horrenbestez, funtsean, Espainiako legedia gai honekiko eskasa eta zehatza ez dela nabarmena da. Europako beste zenbait herrialdek, hala nola, Herbehereak, prostituzioaren ogibidea aitortzearen alde egin dute eta, are gehiago, hura legeztatzera iritsi dira. Frantzian, ordea, egoera desberdina da, bertan prostituzioa erregulatuagoa dagoen arren, delitu kontsideratzen baita. Era horretan, herrialde bakoitzak prostituzioa jurisdikzionalki tratatzeko modu ezberdinak aukeratu dituzte.

Hortaz, aipatutako adibideen ostean, eztabaida hiru ikuspuntu nagusitan laburbiltzen da Espainiarekiko: lehenak, prostituzioa beste edozein ogibide bezala erregulatu dadin defendatzen du, Gizarte Segurantza eta jubilazio osteko pentsioak bermatuta, besteak beste; bigarrena egungo alegalitatearekin jarraitzearen alde azaltzen da; eta azkenak, besterik gabe debekatzea proposatzen du. Horrela bada, bakoitzak iritzi desberdina du prostituzioaren inguruan eta zaila da guztiak aho batez norabide berean joan daitezen lortzea. Horra hor arazo nagusia. Bien bitartean,, ziurgabetasun honek kalte egiten die langile sexualei.

Antzinako Grezian prostituzioa eguneroko bizitzaren parte zen.

Antzinako Grezian prostituzioa eguneroko bizitzaren parte zen.

Zalantza eta adostasunik eza

Espainiako kasuan, dagoeneko erabaki bat hartu duten Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero, gaiaren inguruan ezjakintasun handia dagoela argi eta garbi ikusten da. Horretaz jabetzeko, Herbeheretako kasuaz gain, Suitzakoarekin konparatzea nahikoa da; lurraldeotan prostituzioaren jarduera eta kontsumoa erabat legala da. Espainiako parlamentuko politikariak, aldiz, ez dira prostituzioak izan beharreko politikekin ados jartzen. Azkenean, desadostasun horrekin kaltetzen direnak beti prostitutak dira. Langile sexualek ez dute herritarren diruarekin ordaindutako instituzioen babesik edo Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukerarik. Ondorioz, beraien lana legearen ilunpeetan dihardu etengabe, haien ogibidearekiko ikusezintasuna bultzatuz eta, ondorioz, beraien lana inguratzen duten estigmak areagotuz

Mezpretxatuak, gutxiestuak, baztertuak eta ahaztuak izan ohi dira emakume hauek babesgabetasun hau dela eta. Espainiako edozein kaleetan, Donostiako kasuan bezala, langile sexualen egoeraren inguruan galdetzean inork ez du ezer jakin nahi: “te miran como si fueses una persona inmoral, como a una apestada. La gente te señala mucho, te discrimina mucho, dicen: ¡Ay, una puta!”, kexatzen da Grosen kokatutako Zurriola Relax clubeko langile bat. Haien esanetan, pisu bat alokatzeko sekulako zailtasunak izan dituzte askok, eta farmazian preserbatiboak erosteko ezetza eman izan zaie ere bai

Club bereko beste langile sexual batek, aldiz, beste edozein langileren mailan bizitzeko oinarrizko gastuak edonork bezala ordaindu behar dituela azaltzen du: “tengo que calcular cuantos polvos tengo que echar para llegar a fin de mes”. Izan ere, ogibide honetan jardutea ez da bat ere erraza, eta Espainiako legediak ez die inolaz ere mesede egiten. Horrela azaltzen du beste langile batek: “no me siento protegida. Respecto al Estado no tenemos ninguna seguridad. Nosotras no cotizamos en la Seguridad Social y no tenemos ningún amparo. Al final de la jornada laboral, al final de los años, yo no tendré ninguna recompensa por todos estos años de trabajo”.

Henri de Toulouse-Lautrec kartelaria ospetsu egin zen frantziako gaueko giroa ilustratzen.

Henri de Toulouse-Lautrec kartelariak ilustraturiko Moulin Rougen barnealdea XX. mende hasieran.

Langileak arriskupean

Datu zehatzak ematekotan, Gipuzkoari dagokionez, Aukera proiektuak 2014an argitaraturiko datuen arabera, 1.147 prostituta egiten dute lan probintzian gutxi gora-behera. Kopuru hau txikia dela iruditu daitekeen arren, urte berean Gipuzkoako biztanleria 715.148koa zela kontuan izanda, proportzionalki ogibide honen pisua handi samarra dela konprenitzen da. Izan ere, 623 gipuzkoarreko, gutxienez, prostituta bat legoke, datu hauetatik at geratu eta ezagutzen ez diren langile sexualak kontuan izan gabe.

Langile horietatik %59ak clubetan egiten dute lan, %17ak lokaletan eta %24ak pisuetan. Kontabilizatzeko daturik zailena pisuetan egiten dena da, izan ere edonork eskaini baititzake zerbitzu horiek inon erregistratu beharrik gabe. Ezinezkoa da gai honen inguruko errealitatea guztiz ezagutzea, baina Aukera proiektuak eskaintzen dituen datuak nahikoak dira ogibide honek Gipuzkoan duen eragina ikusteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen saileko arduraduna den Maribel Vaquerok adierazten duen bezala, Aldunditik Aukera proiektuari dirulaguntzak ematen zaizkio, baina Diputazioak ez du, berez, prostituzioari laguntzeko eskumenik. Horrela bada, “ahal dugun neurrian errealitate hau leuntzen saiatzen gara, baina oso zaila da iritzi ezberdinetatik akordio batera ailegatzea” deklaratzen du sailburuak. Horixe bera defendatzen du aurretik aipatutako Jon Urkola abokatuak, zeinak langile sindikatu batean lanean diharduen. Hark dioenez zaila da oso, prostitutak defendatzea, berez erregulazio propiorik gabeko ogibide bat delako: “inoiz jaso izan dugu geure sindikatuan prostituten erreklamazioren bat haien ogibideak zenbait eskubide lor ditzan saiatzeko eta erredaktatu izan dugu dokumenturen bat laguntzeko, baina oso konplikatua da horietako erreklamazio bat erregulazio legalen batean hezurmamitzea, horretarako sekulako burokrazia baitago. Prostituzioa erregulatzeko konpetentzia Madrilek du eta oso zaila da haraino iristea. Gainera, ez duzu zeure erreklamazioa aurrera aterako den bermerik. Guk egindakoa, esaterako, Eusko Jaurlaritzaraino baino ez zen iritsi”.

Burokrazia horrek oztopatzen du behin eta berriz ogibide gatazkatsu honen garapena. Baina bada horretaz gain are pisu handiagoa duen beste elementu bat, hots, gizarte estigma.

Manet margolariak Olympia izeneko prostituta frantziar bat ilustratu zuen 1863. urtean.

Manet margolariak Olympia izeneko prostituta frantziar bat ilustratu zuen 1863. urtean.

Estigmaren efektuak

Prostituzioa aurretik izendatutako etikarekin eta moralarekin talka egiten duen ogibide bat dela argi dago. Edozein gobernuk, posizio bat hartzekotan, legeztatzearen edo debekatzearen aldekoen haserrea eta desadostasuna piztuko zuen, nahitaez. Espainiaren egoera gorabeheratsua eta nahasia da gai honen inguruan, eta erabakitzeko premia egonik, harengan posizionatzeko unea atzera botatzen da etengabe. Honek guztiak, herrialdearen demokrazia beraren zimenduak zalantzan jartzera garamatza, batez ere, herritarren eta, are gehiago, gizakien ongizatea bermatu behar duten legeak stand by moduan jarri direla ikusten denean. Erabaki bat hartzea galarazten duena ikuspegi soziala da eta, erabakia hartuz gero, pausoa eman duten haiek sufritu ditzaketeen ondorioengatik, argiki.

Interesen elkargune handia dagoela badirudi, gehien bat, irudia mantentzeko interesa alegia. Hala ere, eztabaidan herritarrok kokatuz gero, konpontzeko dilema aski zaila dela ere konturatzen gara. Alde batetik, feminismoaren ideiak zentzudunak dira: merezi al du emakume batek, gizaki batek, objektu, zerbitzu, baten tratamendua jasotzea? Merezi al dute jatekoa lortzeko egitera behartuta ikusten direnagatik kritikatuak izatea?

Hala ere, badirudi ukaezina den ogibide hau beti existituko dela, beti egon beharko dela behar horiek asetzeko norbait. Ilegalizatuz gero, soilik ikusezintasuna areagotuko litzateke. Gainera, prostitutak beraiek agertzen dira legalizatzearen alde: “es un derecho que está en negro y al que el Gobierno debería sacar provecho y utilidad. Porque tantas mujeres pagarían Seguridad Social…”. Ekidin ezinezko ogibidea izanik, langileek bidezko baldintzekin eta duintasunez jardutea gutxienekoa da.

                                      _________________________________________

PROSTITUZIOA DATUTAN

  • Munduko bigarren negozio handiena da, armen trafikoen ondoren eta drogen salerosketen aurretik.
  • Prostituzioak soilik Europan egunean 18.000 milioi euro ekoizten dituela estimatzen da.
  • Europa mailan 25 prostituta inguru dituen proxoneta batek urtean 100.000 euro baino gehiago irabazten ditu.
  • Espainian milioi bat emakume prostituta daudela estimatzen da. Horietatik 20%ak kalean egiten du lan.
  • Prostituten %90a paperik gabeko kanpotarrek osatzen dute.
  • Espainian 3.600 prostituzio gune daude.
  • Prostituta bakoitzaren soldataren eguneko batez bestekoa 123€koa da.
  • 18 eta 48 urteen arteko espainiarren %27ak inoiz zerbitzu sexualen bat kontratatu izana onartzen du.
  • Soilik Espainian 2003 eta 2008 urteen artean 7.300 pertsona atxilotu ziren prostituzioaren inguruko mafiekin lan egin izana leporatuz.
  • Gipuzkoako prostituten %90a emakumeek osatzen dute, %5a gizonek, eta beste %5a transexualek.
  • Zerbitzu sexualen kontratatzaileen %99a gizonak direla estimatzen da.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *