Bakea ez da inoiz helduko, bakea joatea da

“Eta goazen bada bakerantz ortzimuga den hartara, bakea ez da inoiz helduko bakea joatea da” kantatuaz eman zion amaiera Maialen Lujanbio txapeldunak Aitor Mendiluzerekin buruz burukoan eginiko aurreneko lanari. BEC-eko ikuskizuna ez delako Euskal Herriko Bertsolari finala soilik; euskal kulturaren nahiz gizartearen lau urtez behingo festa baizik. Barakaldon bildutako 14.000 ikusle/entzuleei batu telebista nahiz irrati edo sare sozialen atzean daudenak; Euskal Herrian ez da bertsoa heldu ez den txokorik. Ez dago sobera, beraz, finalean jorratuko diren gaiek egunerokotasuna izatea eta Euskal Herrian bizi den egoeraren inguruan bertsolariak hausnarketan jartzea. Batzuentzat bertsokera serioegia akaso, besteentzat errepikakorra, baina bakea lortu ez den eta lortu nahi den herri batean helburua bete nahi bada, ezinbestean jarri behar da gaia.

Oraindik zauria erabat itxi ez delako. Bukatu dira tiro hotsak, bonba leherketak, odol isurketak, baina zauri orbainak zabalik jarraitzen du. Jostorratza eta haria esku artean izanda ere ixtea lortzen ez den ebakia. Oraingoz, ordea, jostorratza kamutsa da eta haria korapilaturik dago. Erremintak behar bezala, lanerako prest, jartzearen ardura nirea, zurea, gurea eta haiena da. Prozesutik at gelditzen den gizarte sektorerik ez dago. Azken erabakiak ohi bezala politikariek hartuko badituzte ere, mugimendua herritik hastea hobe. “Ezinezko ta saltzen digute guk ezer ez ukitzeko, laborariak gai izan gara bi gobernu mugitzeko” bota zuen Lujanbiok gobernuen ardura eza salatzeko, eta gizarte zibilaren lana txalotzeko. Kritika hori alboan utzita, bi gobernuek pausuak emateko saiakerak egin dituztela ezin da ukatu.

Besarkada

“Bakea baita helburu eta ahalegina arau”

Baina, nola heldu gara egungo egoerara? Bidea luzea eta gogorra izan da inplikatu guztientzat eta bide hori errepasatuko dugu jarraian- Bakea lortzeko lehenengo saiakera garrantzitsua, Miguel Ángel Blanco Alderdi Popularreko zinegotziaren hilketaren ondorioz egin zen 1997an. Ekintza honek euskal gizartearen zati baten gaitzespena eragin zuen ETAren estrategiarekiko eta, askoren kasuan, baita Ezker Abertzalearekiko ere. Lehen aldiz manifestaldi masiboak egin ziren borroka armatuaren aurka. Hori horrela izanik, 1998. urtean Ardanza lehendakariaren eskutik Bake Prozesua proposatu zen, Irlandako Ostiral Santuko akordioa izeneko negoziazio prozesua euskal nazionalismoaren erreferentziatzat hartuz. Irailean hasi zen ETAren su-etena.

Su eten honek 14 hilabete iraun zituen eta bertako egoeran hobekuntza hain handia izan zen, non euskal hauteskunde autonomikoetan, Ezker Abertzaleren ordezkari zen Herri Batasunak botoen hazkunde nabarmena lortu zuen. Urte bukaeran, Alderdi Popularraren Gobernuak, ETArekin negoziaketa prozesu bat ireki zuen Zurichen, Suizan, bi hauen artean bilera bat antolatuz. Bertara Juan Uriarte apezpikua bitartekotzat hartuta, Ricardo Martí Fluxá, Francisco Javier Zarzalejos eta Pedro Arriola joan ziren Gobernuaren aldetik eta euskal erakunde armatuaren ordezkari bezala, Mikel Albizu “Antza”, Vicente Goikoetxea eta Belén González “Carmen”. Bilera honetan ez ziren akordio batera iritsi, eta su etenaren amaierak, ETA berriz eraso armatuak egiten hastea eragin zuen.

Bestalde, Nueva Yorken 2001ko irailak 11ean gertaturiko atentatuak internazionalki edozein talde terroristen aurkako borroka sendotzearen aldeko jarrera sustatu zuen, ETAri negatiboki eraginez. Urte hartan, Arnaldo Otegi, Batasunako liderrak, José María Aznarri eskutitz publiko bat idatzi zion akordio batera iris zedin. Ondorioz, PSOEko Jesus Eguiguren eta Batasunako Arnaldo Otegi buruzagien artean lehen bilera sekretuak egin ziren Elgoibarko Txillarre baserrian.

Hurrengo urtean, Batasunak Un escenario de paz dokumentua argitaratu zuen non nazionalismoarekiko existitzen ziren sentimendu ezberdinak azaltzen zituen, besteak-beste. Hau honela izanik, Gemma Zabaleta buruzagi sozialistak, Denis Itxasoren laguntzaz Con mano izquierda liburua idatzi zuen, Batasunarekin hizketa bat egitea goraipatuz. 2003ko apirilean, Ezker abertzaleak, dokumentu bat argitaratu zuen 10 puntos para la reflexión izenekoa. Beraz, ikus daiteke 2002 eta 2003. urteak, funtsezkoak izan zirela bilera eta proposamenak egiterako garaian.

Urte bat beranduago, Batasunako kideek Hegoafrikara bidaia bat antolatu zuten, bake prozesuari buruzko egoitza espezializatu batekin elkartu eta nola negoziatu zezaketen ikusteko. J.L. Rodríguez Zapateroren PSOE gobernura iritsi berria zen eta al-Qaedak Madrilen 2004ean eginiko atentatua medio, Espainiako gobernuburuak euskal gatazkari konponbidea aurkitzeko konpromezua hartu zuen.

  1. urte bukaeran, PSOE eta Batasunaren arteko hurbiltze prozesuarekin bat, Anoetako belodromoan eginiko ekitaldi bat ospatu zen “Orain herria, orain bakea” lelopean, non Arnaldo Otegik publikoki proposamen bat egin zuen: Ezker Abertzalea, une hartan Batasuna, bake prozesuan parte hartzeko prest zegoela azaldu zuen, bi aldeek kontzesio gogorrak egin beharko zituztela jakinik. Beraz, une honetatik aurrera, Ezker Abertzaleak negoziaketa prozesuarekin zuen konpromisoa ezin zen zalantzan jarri. Mitin honen ostean, Otegi epaitua eta kartzelaratua izan zen terrorismoa goratzea egotzita, 2016. urtean askatu zuten arte.

Beranduago, Espainiar Gobernuaren ordezkariak, ETAko buruzagi ohiarekin, Josu Urrutikoetxea “Ternera”-rekin elkartu ziren Oslon eta Suizan, eta euskal erakunde armatuak 2006ko martxoaren 24ean su etena adierazi zuen. Aldiz, hau esan eta konprobatu zen ETAk arma eta lehergailuak egiteko material asko lortu zuela, atentatu bat egiteko kondizio logistiko asko zituelarik.

Esanguratsua izan zen 2005eko uztailean, Irlandako IRAk borroka armatua alde batera uztea. Ondorioz, desarmatzearen ondoren, Tony Blairrek Zapaterorekin hitz egin zuen elkartasun-adierazpenak emanez, eta gomendio gisa ETArekin komunikazio bide berri bat ireki behar zuela adierazi zion. Hori horrela izanik, urtebete beranduago, Espainiako gobernuburua zenak ETArekin bilerak egingo zituela adierazi zuen, biolentziaz jositako garai hauei amaiera emateko.

2006an, ETAk berriz ere beste su eten bat iragarri zuen, baina pare bat hilabete geroago Madrileko aireportuan lehergailu bat jarri eta bi pertsona hil zituen. Ez zen su eten iraunkor bat izan, euskal erakunde armatuak “en la medida en que persista la situación de agresión contra Euskal Herria, ETA tiene también la firme determinación de responder” baitzioen. Arnaldo Otegik ETAri eskaera bat egin zion, martxoaren 22an su etenari buruz eginiko adierazpena aurrera eraman zezan. Hau izan zen Ezker Abertzaleak ETAri mota honetako eskaera bat egin zion lehenengo aldia.

2007ko otsailean, ETAk Zapaterori gutun bat idatzi zion, bilera bat nahi zutela esanez. Hori horrela izanik, Gobernuak negoziatzaile bat bidali zuen talde armatuarekin hiru aldiz tratuan ibiliaz. Hilabete beranduago, Bruselako adierazpena publikatu zen, Nelson Mandela fundazioa, Desmond Tutu, Frederick W. De Klerk, Mary Robinson, John Hume, Albert Reynolds, Jonathan Powell eta Betty Williamsek sinatua, non ETAri biolentzia alde batera uzteko eskatu zioten, helburu politikoak bide politikotik lortzeko.

Hau guztia ikusirik, ETAk komunikatu berri bat bidali zuen internazionalki eta batez ere Bruselako adierazpena sinatu zutenei. Bertan ETAren aldetik soluzio demokratiko baten proposamena eskatu zuen gatazka armatuari amaiera emateko.

Azkenik, ETAk 2011ko urriak 20an su eten iraunkorra adierazi zuen, Espainiako Gobernuari negoziaketa prozesuak aurrera eramateko eskatuz. Trukean, lehenik euskal presoen eta iheslarien egoera hobetzeko eskatzen zuen ETAk.

“Bidea horrek izan behar du gure aldetik argi da, beste aldearen joera berriz atera arren argira”

Bakearen bidean alde batek eskatu eta besteak eman egin behar du ezinbestean. Elkar-truke bat bailitzan, puntu komun batera iristeko: bakera. Ezker abertzaleak behin eta berriz eskatzen duen pausua, ordea, ez du ematen Espainiako Gobernuak. Presoen eskubideen inguruko iskanbila pil-pilean den honetan, gainontzeko borroka dialektikoetan gertatzen den antzera, alde batak zein besteak kontrakoari egozten diote errua; hauxe baita errazena. Baina errazena ez da zuzenena izaten sarri.

Presoen kasu honek, giza-talde bat baino gehiagoren egoera baldintzatzen du. Espainiar Gobernuak, baldintza hori oso kontuan izanik, preso politiko horiei itxura batean “mendeku” egiteko asmoz edo, egoera hau muturreraino eramaten du; hau da, presoak ahalik eta gehien urruntzen ditu euren eta familien “ekosistematik”. Horrela, euren familiak behartzen dituzte hainbat eta hainbat orduz espainiar errepideetatik bidaiatzera, gero euren familiarekin ordu/minutu gutxiz egon ahal izateko. Egoera gogorra benetan bai preso eta bai familientzat.

Dispertsioaren mapa

DISPERTSIOAREN MAPA

Euskaldunen eta presoen familiaren tokian jarriz, hauek eskubideen urraketa bat burutzen ari direla salatu ohi dute, preso hauei “salbuespeneko kartzela zigorra” ezarri baitiete. Espainiarrek, aldiz, legeak betetzen dituztela diote. Hainbat urtez dirau tira-birak bi aldeen artean.

Baina arazoa ez da hor bukatzen. Euskal Herritik hainbat saiakera egin dira presoak gerturatzeko, edo gutxienez hauen eskubideak hobetzeko. Baina Espainiatik ez da erantzun baikorrik jasotzen, publikoan behinik behin, gai honen inguruan. Presoen aldekoek manifestazioak, bilkurak eta antzeko ekintzak antolatzen dituzte. Hau izan daiteke gobernu espainiarrak hurrengo urratsa ematera bultzatzeko bidea; edo oraingoz behintzat ala dirudi, borrokan jarraitzea bakarrik geratzen dela. Gai honen inguruan, Aitor Mendiluzek Lujanbiori ala erantzuten dio behintzat: “Bidea horrek izan behar du gure aldetik argi da, Beste aldearen joera berriz atera arren argira”. Beraz, Mendiluzek aipatzen duen moduan, honek izan behar du bidea.

Bidea egiteko ez dira nahikoa, ordea, banakoen hitz, bertso eta aldarriak. Kolektiboaren, batasunaren beharra nahitaezkoa izan da, da eta izango da.

“Laborariak gai izan gara bi gobernu mugitzeko”

Euskal bake prozesuak egun maila politiko-instituzional batera iristea lortu duela esan daiteke, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza saileko idazkaritza batek gai hau esplizituki jorratzen baitu. Sail hau Bakea eta Elkarbizitza izenarekin sortu bazen ere, gaur egun Giza eskubide, bizikidetza eta lankidetza izenaz ezagutzen da. Bakegintzak estatus hau hartu ahal izateko bide luze bat jarraitu behar izan du, orain dela gutxira arte nagusiki maila sozialeko erakundeak izan baitira euskal bake prozesuaz arduratzen zirenak. Elkarbizitzaren eta elkarrizketaren bidez bakea lortu nahi zuten biztanleek hartzen zuten parte erakunde hauetan nagusiki. Euskal Herri mailan eta maila sozialean, Elkarri, bere oinordeko elkartea Lokarri, Baketik eta Gesto por la Paz erakundeak izan dira euskal bake prozesuaren alde lan egiten saiatu diren erakunde nagusienak.

Erakundeotatik zaharrena Gesto por la Paz da, 1985garren urtean sortu baitzen. Bere desagerpenera arte 2013. urtean, erakunde honek bakearen eta giza eskubideen alde lan egin izan du, espezifikoki Euskal Herriko biolentzia bakarraren esparruan, ETAren biolentziaren aurkako mobilizazio herritarrak antolatuz, erantzukizun bakezaleak bilatzen lagunduz eta bakearen kultura sustatuz. Azken finean fundazioaren helburu nagusia ETAren biolentziarekin bukatzea zen, euskaldunek gizarte normalizatu batean bizitzeko eskubidea dutelako.

Elkarri fundazio edo plataforma soziala 1992. urtean sortu zen Jonan Fernándezen eta beste ekintzaile batzuen eskutik. Ordurako, Fernández Herri Batasunako (HBko) zinegotzi gisa aritua zen (1987-91) eta Lurraldea izeneko plataforma ekologista bat ere zuzendua zuen. Bertan erakutsitako negoziazio trebetasunak bidea ireki zion euskal bake prozesuaren alde sortutako plataforma berriaren koordinatzaile izateko. Elkarriren helburua euskal gatazkari irtenbide bat ematea zen, elkarrizketaren eta konponbide bakezalearen eredua defendatuz eta mobilizatuz. Plataforma honen koordinatzaile gisa jardun zuen urteetan, Fernandez ahalegindu zen elkartea ezker abertzalearen uneko lerro ideologikotik aldentzen, ikuspegi desberdinak zituzten iritzi gehientsuenak kontutan hartu ahal izateko. Beraz, gatazka armatuari amaiera emateko parte guztien arteko bitartekaritzan eta elkarrizketa zabalean sinesten zuen Fernandezek.

  1. urtean Elkarri erakundea Lokarri erakundea bilakatu zen, eta 9 urte geroago desegin, bere sorreran ezarritako helburuak beteta zituela ondorioztatu zutelako, Paul Rios elkartearen koordinatzailearen ustetan. Izan ere, Lokarriren helburu nagusia elkarbizitzaren normalizazioa lortzea zen, horretarako ETAren lehenengo su-etena aprobetxatuz. Prozesu honek ez zuen arrakastarik izan, baina hiru urte beranduago 2009an berriz ahalegindu ziren, bi asmo nagusirekin. Alde batetik, ETAk biolentzia uztea eta bestetik Sortu alderdi politikoa legalizatzea. Lokarriren helburua terrorismoari eta euskal independentziaren inguruko eztabaidari irtenbide bakezaleak eta elkarrizketatuak ematea zen. Helburu hauek lortzeko Paul Riosek ezinbestekotzat jotzen zuen gizartearen parte hartze aktiboa, bestela bake prozesuak ez zuelako inoiz amaiera bat edukiko. Lokarriren printzipioak hiru konpromiso nagusitan oinarritzen ziren:

– Biolentziaren aurkako defentsan. Bizitza eta giza eskubideak oinarri etiko gisa hartuz.

– Iritzi guztiak kontuan hartzen dituen elkarrizketan eta pluraltasunean oinarritutako elkarbizitzan.

– Printzipio demokratikoak politikaren oinarrizko arau gisa edukitzean.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eta Gesto por la Paz bezalako erakundeek ez bezala, Lokarrik talde armatuaren eta gobernu zentralaren arteko negoziazio politikoaren alde lan egin zuen, eta presoen hurbilketa negoziatzeko ekintzetan ere jardun zuen. Honen adibide argia, Lokarrik Euskal Herriko gatazkari irtenbide bat emateko, 2011n Aieteko Konferentzia Internazionala antolatu zuela da.

Lokarri sortu zen urte berean, Jonan Fernandezek elkartea utzi eta Arantzazuko Frantziskotarren laguntzaz sortutako Baketik elkartearen zuzendaritza lana hartu zuen. Erakunde honetan lanean aritu zen bitartean udalen eta heziketa-zentroen parte hartzea bultzatu zuen bakegintza prozesuan. Baketik fundazioa, 2006ko urriaren 14ean sortu zen Oñatin, heziketan, bizikidetzan, erakundeen eta pertsonen arteko harremanetan edo sozialki ematen diren eraldatze-prozesuetan noranzko etikoa sustatzeko intentzioz. Hau honela izanik, “bizizikasi” pedagogia du oinarri, esperientzian eta ikaskuntzan oinarritzen baita.

ETAren behin betiko su-etenaren berriak, 2011. urtean, aldaketak ekarri zituen bakegintza mugimenduetara, hala nola Gesto por la Paz erakundearen desagerpena 2013an, eta Eusko Jaurlaritzako Giza eskubide, elkarbizitza eta lankidetza izeneko idazkaritza berriaren sorrera urte berean. Idazkaritza horren buru Jonan Fernandez izendatu zuten, bakegintzaren inguruan zeukan eskarmentua zela-eta. 2013. urtera arte euskal bake prozesuaren ardura mugimendu sozialen esku zegoen, hau da, boluntarismoan oinarritzen zen nagusiki. Idazkaritza berriarekin lortu da bakegintza maila instituzional bateraino eramatea, horretarako beharrezkoak diren laguntza ekonomiko eta pertsonalak ziurtatuz.  

Erakunde hauek erakutsi diguten moduan, gatazkari ikuspuntu humanoa ematea ezinbestekoa da. Presoen sakabanaketa bezalako mendeku kutsuko politikek bake iraunkor bat osatzea oztopatzen dute, eta gu-besteak eskema apurtzea ezinbestekoa da. Mota guztietako biktimek bestearen sufrimendua ulertuz gero, aurrera egingo du bideak. Iritzi partidista eta asmo txarrekoekin ezin da bidea egin. Sarek larunbatean egingo den manifestaldirako erabili duen lemak argi dio, euskaldunok “prest gaude” aurrerapausoak emateko. Maialenek ere hauxe bera zioen eta ez zaio arrazoirik falta:

Konpon ditzagun lehengo biktima eta lehengo bonba zartada

Ekar ditzagun behingoz presoak herrira euren etxetara

Eta goazen bada bakerantz ortzimuga den hartara

Bakea ez da inoiz helduko bakea joatea da

Prest gaude

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *