Archivo del Autor: ane.amutxastegi

Zabaldu begiak

“Transexualitatea izateko beste era bat da, begi urdinak izatea bezala. Horrek suposatzen duen gauza bakarra da medikuak zure genitalen arabera neska edo mutila zinela esatean, nahastu egin zela” Xabier Lozano

Gai hau ulertzeko beharrezkoa da genero identitatea zer den ulertzea. Maiz, sexu identitatearekin nahastu ohi da, baina ez da gauza bera. Sexu identitatea erakarpen sexualarekin lotzen da; hau da, gizabanakoa bisexuala, homosexuala edo heterosexuala den. Genero identitateak, ordea, sexu psikologikoari egiten dio erreferentzia; sexu organoetatik at, bakoitzak duen generoari. Jaio orduko sexatzen gaituzte gure sexu organoen arabera. Zakila badu mutikoa izango da, alua badu neskatoa. Genero biologikoak zehazten al du, bada, gure izatea?

Ohikoena organo sexualak genero identitatearekin bat joatea den arren, ez da beti hala gertatzen. Eredu tradizionaleko gizarteetan, gehiengoena normaltzat hartzen denetan, beharrezkoa da baieztapen hori errotik aldatzea. Haurrei sexu heziketa irakastean ere, zakila-mutila, alua-neska azaltzen diegu. Bada garaia genero identitateari bidea irekitzeko. Gure haurrek jakin behar dute pertsona baten genero identitatea ez dutela sexu organoek mugatzen.

Pertsona baten sexu organoa eta genero identitatea bat ez badatoz, transexuala izango da. Ez da egoera berri bat, transexualitatea beti existitu izan da. Urte askoz isilpean gorde izan da, gizartearen erantzunaren beldur. Egun, argitara ematen den arren, gizarteak asko du ikasteko. Ez al da nahikoa sufrimendu zure genero identitatearekin bat ez doan gorputz batean preso egotea, gainera, gizartearen aurreiritziak jasan behar izateko?

Ez pentsa gure inguruan egoera hori ematen ez denik. Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea anitza da. Zaila da bizi diren transexualen estimazio zehatza egitea. Ararteko datuen arabera, EAEn 108 transexual daude eta urtero hiru kasu berri agertzen dira. Errespetuz erakundeak 2014. urtean 650 kontsulta jaso zituen. Euskal Autonomia Erkidegoan nazio mailan baino erakunde gehiago daude transexualitatearen arloa jorratzen dutenak. Gainera, sexu aldaketarako tratamendua gizarte segurantzak bermatzen du. Espainiako hainbat erkidegotan, aldiz, ez da doakoa edo eta zailtasun asko jartzen dituzte sexu aldaketa egin ahal izateko. EAEko instituzioen eta erakundeen kudeaketa eredutzat dute.

Eusko Jaurlaritzak transexualitatea kudeatzeko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, nagusia Berdindu da. Zerbitzu hori Gipuzkoan Gehitu elkarteak kudeatzen du eta Bizkaian eta Araban Aldartek. Sexu eta genero aniztasunari buruz informazioa eta arreta ematen die lesbianei, gayei, transexualei, bisexualei, intersexualei eta haien ingurukoei. Helburutzat gizarteak kolektibo horiekiko duen pertzepzioa aldatzea eta pertsona hauen gizarteratzea dira.

Helburu horiek betetzeko, hiru zeregin berezi ditu; lehenik, Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexual elkartekoei edo hara gerturatzen direnei arreta eta aholkuak ematea sexu-joeraren edo sexu-genero-identitatearen inguruko edozein gairi buruz.  Bigarrenik, informazioa eta arreta ematen die hezkuntza-komunitateari, gizarte-eragileei eta profesionalei, komunikabideei eta, oro har, herritarrei. Azkenik, erakundearen xedea LGBTI fobia desagerraraztea izanik, LGBTI kolektiboari eragiten dieten lege eta politikak proposatzea eta diseinatzea.

 


 

Euskal Herrian transexualitatea kudeatzen duten erakundeetako batzuk ondorengoak dira:

GEHITU

Sexu orientazioagatik edo identitate sexualarengatik edozein motatako diskriminazio sozialekin zein legalekin amaitzea da beraien xedea. LGTBren eskubideak defendatzeko ekimenak bultzatzen ditu eta bazterketaren aurka lan egiten du, batez ere komunikabideetan, erakunde publikoen aurrean eta hezkuntza-arloan.

ERRESPETUZ

Transexual talde batek sortu zuen, konturatu ondoren EAEn horrelako zerbitzu baten hutsunea zegoela, hau da, egoera horretan aurkitzen diren pertsonei laguntza, arreta, eta informazioa eskainiko dizkien zerbitzu baten hutsunea. Transexualek Errespetuzera jotzen dutenean euren berdin baten arreta bilatzen dute; konprenitzen dituen norbaitena. Informazioaz gain, kontsolamendua ere bilatzen dute.

CHRYSALLIS

Haur eta nerabe transexualen familiek osatutako taldea da; familiako kide guztiek dute lekua Chrysallisen. Erakundeak lortu nahi du familiak bakarrik ez sentitzea bidean. Beraien antzeko egoeran bizi diren familiak eta haurrak elkartu nahi ditu erakundeak.

ALDARTE

Aldarte gayei, lesbianei eta transexualei arreta zerbitzua, hezkuntza eta babesa eskaintzen dien elkartea da. Aldartek zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu: lege aholkularitza, ikerketa eta dokumentazioa, laguntza psikologikoa, Berdindu familiak eta Berdindu pertsonak.

 


 

Erakundeek lan handia egin arren, badira oraindik ere konpondu beharreko hainbat arazo.Pertsona transexualek oztopoak aurkitzen dituzte gizartean. Kalean edo leku publikoetan duten onarpen eza ez ezik, EAEko funtzionarioek gaiaren inguruan duten ezjakintasuna jasan behar izaten dute. Funtzionarioek ez dituzte ezagutzen transexualen eskubideen aldeko legeak Hori dela eta, hainbat egoeretan transexualak eurak dira funtzionarioei azalpenak ematen dizkietenak. Lege nagusiak bi dira:  14/2012  legea, ekainaren 28koa, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari egiten dio erreferentzia. Bigarrena 3/2007 legea da, martxoaren 15ekoa eta erregistroan pertsonen sexuaren aipamena zuzentzeko eskubidea arautzen du.

Osasun zerbitzuak pertsona transexualentzako, bereziki, oso garrantzitsuak dira. Baina mediku askok ez dakite gaia nola tratatu behar duten. Transexual bat medikuarengana joaten denean, askotan, zailtasunak ditu. Mediku askorengatik pasatu beharra dauka, bukaeran berriro lehenengora itzultzeko. Hori guztia komunikazio faltaren ondorio da. Pertsona horiek ez dira gaiaren inguruan informatuak izan, eta aipatu berri diren bezalako gertakariak gertatzen dira ondorioz.

Gizartean ere gaiaren inguruko ezjakintasuna dago, horregatik transexualek zailtasunak dituzte onartuak izateko. Aurrez aipatu bezala, pertsonak emakumezko eta gizonezko direla soilik irakasten da txiki-txikitatik, eta, horregatik, zaila egiten da transexualen kasua ulertzea eta onartzea.

Aldea dago gizonezko edo emakumezko transexual izatearen artean. Emakumezko transexualek zailtasunak gizartean dituzte nagusiki. Itxura fisikoari begira, transexualitate prozesua gehiago antzematen da eta gizartearen erantzuna ez da ona kasu askotan. Gainera, emakumea bigarren mailako genero kontsideratzen den gizarte patriarkal honetan, emakumezko transexualek zailtasun handiagoak dituzte. Behin emakumezko batek transexuala dela adierazi duenean, gizartean mailaz jaitsi dela bezala hartzen da. Gizonezko transexualen kasuan aldiz, gizarte maila eskala horretan gora egin duela ikusten da eta zailtasunak ez dira hainbestekoak gizarte aldetik.

Normalizazioa lortzea prozesu luzea da eta ezin da bat-bateko aldaketarik lortu. Gizartean oso barneratuta dago gizon-emakume binomioa eta zaila da gizartean pentsaera aldatzea. Horregatik, denbora eta lanketa handia behar da emaitzak ikusteko.

ERRONKAK

Etorkizunean lortu beharreko erronketako bat genero rolekin amaitzea da. Aipatu bezala, genero rolak txikitatik irakatsi izan dira. Transexualitatearen onarpena lortzeko beharrezkoa da horiekin amaitzea. Gizon-emakume binomio tradizional horrek mugak jartzen dizkio genero identitateari. Gizartean, ez da gutxiengo horien berri, eta ezagutza hori funtsezkoa da gainontzekoen eskubide berak izateko. Gizarteak, transexualen guztizko ezagutza lortzen duenean lortuko da genero rolekin amaitzea.

Egungo gizarteak duen arazorik handienetako bat transexualitatea gaixotasun kontsideratzen dela da, hau da, patologia. Munduko Osasun Elkarteak (MOE) transexualitatea gaixotasun mentalen zerrendan sailkatzen du, ondorioz, transexualitatea psikologiatik edo psikiatriatik aztertzen da; hau da, Transexual batek estatus horren onarpena jasotzeko, sexu-aldaketa egin ahal izateko, bere benetako identitatea onartua izateko eta NANan generoa errekonozitzeko, psikiatra baten onarpena behar du. MOEren, pisua duen, erakunde batek transexualitatea patologia dela esateak eta medikuntzaren arloko profesionalek egoera horri aurre egin ezean, pertsona transexualen bazterkeria areagotzen du.

Gizarteak transexualitatearen egoeraren berri jakiteko eta gizarteko dibertsitatea onartzeko beharrezkoa da komunikabideetan gaia normalizatzea. Komunikabideak gizarteari mezua helarazteko bitarteko izan behar dute.

Erronka hauei aurre egiteko denbora behar da. Ez da gauetik egunera lortuko aldaketa. Horretarako funtsezko tresna hezkuntza da. Transexualitatea hezkuntzan garatzea beharrezkoa da normalizazioa lortzeko. Egun, egin dira hezkuntzan aurrerapausoak. Zorionez, generazio berriek erraztasunak dituzte aspektu honetan, eta, transexualitatearen onarpena errazagoa da. Era berean, pertsona transexualek euren nortasuna adierazteko askatasun handiagoa dute. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteko.

Erronkak zailak eta epe luzekoak dira; urteak beharko dira ereindako haziak loratzeko. Borroka honetan ezin da etenik egon, nahi edo ezko borroka da normalizazioa lortzeko. Saray Montes transexualak esan bezala: “Niretzat ideala inor borrokan ez egotea litzateke, ez dagoelako borrokatu beharreko ezer”.