Archivo del Autor: Ainhoa Juanikorena

“Patioan ostia bat emango dizut”

Genero ezberdintasuna gure gizartean oso errotuta dagoen gaitza da, baina honek ondorio tragikoak dituenean bihurtzen denean soilik da albiste. Zer egin daiteke hori hala izan ez dadin? Zer egin gure seme-alabek etorkizun batean horrelako jarrerarik izan eta jasan ez dezaten?

Ander, Mirari eta Eñaut ikastolako beraien aulkietan eserita marrazten ari dira. Astearte goiza da eta lehen hezkuntzako bosgarren mailako ikasle hauen ordutegiaren arabera, plastika ordua da. Ander errotulagailu beltzarekin kamioi bat margotzen ari da bere folio zurian. Mirari buru-belarri dabil marraztu berri duen soineko arrosa bat margotzen. Eñaut Messiren futboleko zapatilei azken ukituak ematen ari da, eta oinetakoek hiru marratxo arrosa dituztela gogoratu da. Eñauti ez zaio arrosa batere gustatzen, “neskena” dela dio, baina irakasleari Messiren erretraturik zehatzena egingo duela zin egin dio. Ez dauka beste aukerarik. Hirurak eserita dauden mahaiaren erdian dagoen margo kaxan errotulagailu arrosaren bila hasi da, baina ez du aurkitu. Bere ingurura begiratu eta Mirari ikusi du desiratutako errotulagailua eskuartean duela. Eñautek bi aldiz pentsatu gabe, eskutik kendu dio margoa eta neskatilaren marrazkian marra luze bat margotu du. Mirarik bere ikaskidearen jarrerarekin harrituta, errotulagailua berak zeukala esan dio ahots hari batekin, eta mesedez itzultzeko eskatu dio. Eñautek indartsu erantzun dio: “Messiren botak zure soineko hori baino garrantzitsuagoak dira, beraz isildu zaitez, bestela patioan hostia bat emango dizut!”.

Irakurri berri duzun pasarte hau fikziozkoa bada ere, horrelako gertakariak uste baino ohikoagoak dira gure inguruko eskoletan. Agian zure herriko eskolan Anderrek Ion izena du, Mirarik Ane eta Eñautek Paul, baina ziur genero ezberdinen arteko harremanetan antzerako arazoak sortzen direla. Gehienetan ez dugu horrelako gertakarien berri izaten, ez baitira albistegietan agertzen eta gure seme-alabek askotan isildu egiten baitituzte, eta ondorioz, sarritan isileko gaitz bat bihurtzen da. Baina beraien berri dugunean ere, “umekeriatzat” jotzen ditugu, “azken batean umeak dira, ez?” esanez gaiari garrantzia kentzen diogu, umeen gauzak besterik ez dira. Aldiz, eguerdiko albistegian 15-29 urte bitarteko gazteen % 33ak beraien bikotekideak janzten duen arropa aukeratzea, norekin geratzen den erabakitzea eta beraien bizitzako beste hainbat aspektu kontrolatzea “normaltzat” jotzen dutela albiste dela ikustearekin batera, eskuak burura eramaten ditugu guztiz asaldatuta. Eta orduan geure buruari galdetzen diogu ea zerk huts egiten duen gazteen hezkuntzan, ea zeri erreparatzen dion hezkuntza sistemak XXI. mendean oraindik horrelako jokabideei amaiera eman ez bazaie.

Agian hori da egungo akats nagusietako bat, hezkuntza sistema arazo horren erantzule bakarra dela uste izatea. Donostiako Berritzeguneko (Donosgune) Lehen Hezkuntza etapako aholkularia den Ana Extramianak dioen bezala, eskola umearen hezkuntzan eragina duen sistemetako bat da, familia eta gizartea diren bezalaxe. Sistema bakoitza autonomoa da eta guztiek hartzen dute parte haurraren heziketan. Arazoa sistema horien artean kontraesanak sortzen direnean hasten da. Haurrek batez ere beraien testuinguruan bizi dituzten esperientzien arabera ikasten dute. Eskolan genero berdintasuna sustatzeko parekidetasun eta hezkidetza programa bat aurrera eramanda ere, haurrak etxeko lan guztiak egiteaz arduratzen dena ama dela ikusten badu eta gainera, aitaren jarrera matxistak jasaten dituela, eskolan ikasiak ezer gutxirako balio dio.

Maite Pardina La Salle Zarauzko koordinatzaileak ere garbi dauka bere ikuspuntua gai honen inguruan: “Genero berdintasuna bezalako gai batean etxean jasotzen denak garrantzi handia du: etxean etxeko lanak nork egiten dituen, rolak nola dauden banatuta, boterea… hor ikasten da gehiena”. Hala ere, horrek ez du esan nahi hezkuntza sistemak ezer egin ezin dezakeenik egoera horri konponbide bat emateko. Arestian aipatutako sistema guztiek dute beren ardura horrelako gaietan, eta hezkuntza sistemak ere badu zeresana. Elena Simón Rodríguez mugimendu feministako zabaltzaileetako batek dioen moduan “eskolak ez du genero bazterketarik sortzen, baina elikatu, hezi eta inertziaz erreproduzitzen du beste norabiderantz ez jokatzeagatik”.

Berdintasuna bultzatuz

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak bere horretan berdintasun sailik ez badu ere, Jaurlaritzaren erakunde autonomoa den Emakunde da  hezkuntzaren alorrean, eta beste hainbat esparrutan, genero berdintasuna bultzatzeaz arduratzen den erakunde ofiziala. Erakunde horren lanari esker, egun euskal ikastetxeetan genero berdintasuna eta bata bestearekiko errespetua sustatzeko Nahiko! bezalako programak sustatzen dira.

2013an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailak “Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana” argitaratu zuen, baita 2020rako Heziberri hezkuntza plana diseinatu ere, non horren ondorioz ikus daiteke genero berdintasuna balio transbertsal bat bezala agertzen dela.

Jaurlaritzaz gain, udalek ere badute zeresana genero berdintasuna sustatzearen alorrean. Euskadiko udalek beraien aurrekontuak zein alorretara bideratu nahi dituzten erabakitzeko aukera dute, eta askok hezkuntzari egokitzen zaion diru kopurua genero berdintasuna sustatzeko bideratzen dute.

Horrenbestez, euskal ikastetxeek Eusko Jaurlaritza, Emakunde eta tokian tokiko udalek eskaintzen dizkieten genero berdintasuna bultzatzeko programak eskuragarri dituzte, eta hala ere, oraindik umeengan jarrera matxistak antzeman daitezke. Umeen hezkuntzan eragina duten aurrez aipatutako beste sistemek ere zeresana dute, noski badutela, baina nahikoa al da eskoletan programa horiek aurrera eramatearekin?

Gurutze Ortega Zarauzko La Salle ikastetxeko irakaslearen esanetan ezinbestekoa da hausnarketa sakonago bat egitea genero berdintasunaren inguruan: “Haurrek eskolako klaseetan genero berdintasunaren aldeko mezuak jaso ditzakete, baina ondoren eskolako testuinguruan zenbat gizonezko daude Haur Hezkuntzan lanean? Zenbat Lehen eta Bigarren Hezkuntzan? Eta zuzendaritza taldean? Garbitzen aritzen diren langileak gizonezkoak ala emakumezkoak dira? Eta Gorputz Hezkuntzako irakasleak? Eta sukaldekoak?”. Baina ikasgeletan jasotzen dituzten mezuen kontraesanak aurkitzeko ikasleek ez dute klasetik atera beharrik ere. Erabiltzen dituzten liburu eta bestelako materialetan genero bakoitzaren rolak oso markatuta daude, eta erabiltzen den hizkuntzan ere genero ezberdintasunak oso nabariak dira.

“Baina hori arazo bat al da?” galdetuko diote askok beraien buruari. Genero ezberdintasuna zuzenean indarkeriaren sinonimotzat jotzen da askotan; tartean biolentzia fisikorik ez badago, arazorik ere ez dago. Eta hori bai dela benetan arriskutsua. Genero ezberdintasunak sortzen duen ondorio larrienetako bat indarkeria fisikoa bada ere, badira biolentzia fisikotik haratago doazen beste arazo batzuk ere (ikus izebergaren irudia).

izeberga

Berdintasun, osasun eta zerbitzu sozialen ministerioak 2014an eginiko kanpainako irudia. https://www.msssi.gob.es/campannas/campanas14/haySalida016.htm

Gaur egun albisteetan entzuten diren genero ezberdinasunarekin erlazionatutako gertaerak erailketekin lotuta egon arren, biolentzia mota hori hilketak baino are gehiago da. Hain zuzen ere, indarkeria matxista bereizteko hiru maila daude. Ezagunena, baina ez horregatik existitzen den bakarra, norbaitek nahita eta nabarmenki beste norbaiti kalte fisikoak eta psikologikoak eragiten dikizkionean ematen dena da, hau da, zuzeneko indarkeria. Baina ez da bakarra. Egiturazko biolentzia ere existitzen da, eta hori gizartearen egituraren ondoriozko bidegabekerian eta ezberdinkerian islatzen da.  Azkenik, biolentziarekin identifikatzen zailena dena, indarkeria sinbolikoa, alegia, adierazpen kulturalen eta lengoaiaren bitartez emakumeen menpekotasuna mantentzen duten sinboloen multzoa. Indarkeria matxista horiek identifikatzeko zailtasunak mikromatxismoak ez antzematea dakar, eta hori da azken batean jendeak genero ezberdintasunaren aurka lan egiteko beharrik ez dagoela uste izatearen arrazoia.

Napoleonek zioen ”Herriak ez du aske izan behar, aske dela sinestarazi behar zaio. Aske dela uste duenean askatasunagatik borrokatzeari uzten dio.” Genero berdintasuna lortzeko borrokan ere antzeko zerbait gertatzen da. Pentsa daiteke egin zitekeen guztia egina dagoela, lortu dela lor zitekeen guztia, baina oraindik bide luzea dago aurretik, aurre egin beharreko gatazka ugari daude oraindik.

Gaur Eñaut izango da bere ikaskide den Mirariri errotulagailu arrosa indarrez kentzen diona, baina bihar bera izan daiteke bere neskalagunari gona motzegia duela argudiatuz kentzeko esaten diona. Gaur Eñauten irakasle den Arratek entzun du gelan gertatutakoa eta Eñaut jolas garaian patiora joan ordez gelan geratu da gertatutakoaren inguruan idazlan bat egiten. Baina bihar jolas garaian Arrate kafea hartzen egongo da beste irakasleekin eta zu zeu izan zaitezke horrelako egoera baten lekuko. Gaur horrelako jarrerei frenoa jarri diezaiekegu, bihar beranduegi izan daiteke.

Genero ezberdintasuna gabonetan

Genero ezberdintasuna gure eguneroko bizitzan txertatuta dagoen zerbait bada ere, bada urteko une bat non bereziki bere presentzia nabarmena den: gabonak. Urteko sasoi honetan ugariak dira ospakizunak, jostailu eta lurrinen iragarkiak, hainbeste gehiegikeriren ondoren irabazitako kiloak galtzeko dieta miragarriei eskaintzen zaizkien aldizkarietako orrialdeak… Inoiz pentsatu al duzu gauza horien inguruan genero berdintasunaren ikuspegitik?

  • Sedukziorako lurrinak

Ohikoa zaigu emakumeak objektu erotiko bezala ikustea iragarkietan. Iragartzen dutena izan daiteke lurrin bat, gizonezkoentzako arropa ala auto bat, baina emakumearen papera antzekoa da guztietan: iragarkiko akzioa aurrera eramaten duen gizonari plazerra ematea edota beraien alderdi sentsualena erakusteai. Emakumeak maniki bezala agertzen dira gizonezkoek harrigarriak diren egitekoak aurrera eramaten dituzten bitartean.

  • Gorputz inperfektuena

Guztiz normaltzat jotzen dugu emakume bati gabonetan lehen zimurrak ekiditeko kremak edota push up moduko bularretakoak oparitzea, eder, lirain eta zimurrik gabe mantentzeko denbora luzez. Zer dira, bada, zimurrak eta adinak aurrera egin ahala erortzen diren bularrak? Inperfekzioak, ekidin beharreko ezaugarriak. Eta horiek bezala telebistan noiznahi agertzen diren zelulitisaren aurkako kremak, gabon ondorengo emakumeen aldizkarietan dieta mirariei eskaintzen zaizkien tarteak… emakumearen irudia geroz eta gehiago zokoratzen duten aspektuak eta genero ezberdintasuna suspertzen dutenak.

  • Barbie-ak neskentzat, Scalextric-ak mutilentzat
Gabonekin batera iristen dira etxera jostailuen katalogoak: arrosa koloreko panpinez betetako orrialdeak neskentzat, eta auto eta kamioiz jositako orrialde gorri eta urdinak mutilentzat. Umeek Olentzero eta Errege Magoentzako gutuna idatziko dute beti ere beraien generoari dagozkion katalogoko orrialde horietatik atera gabe. Urtarrilaren 6a iristen denean umeei beren generoaren arabera “egokitzen ez zaien” orrialderen bateko opariren bat ekarri badiete, ume horiek beraien lagunen iseka, burla eta barreen abiapuntu izango dira. Ez al da ordua horrelakoak aldatzeko? Hori bera pentsatu behar izan zuten Audi auto enpresako kideek ondorengo iragarki hau egitean.

  • Amaren plater goxo horiek

Gabonak familia osoak mahaiaren inguruan ospatzeko garai ezinhobea izan ohi den arren, bada beti norbaiten hutsa: gure amak. Ezberdintasunaren beste aurpegietako bat begi bistakoa egiten da mota honetako otorduetan, emakumezkoak baitira etengabe aurrera eta atzera ibiltzen direnak otorduaren nondik norakoak kontrolatu eta denentzako gustagarria izaten ari dela ziurtatzen.

Egoera honen aurrean, ordea, badira aldaketa bultzatu nahi duten taldeak, emakumeak ere mahaian egon daitezela babesten dutenak honelako kanpainen bitartez:

Feminismoa: hain gorrotatu eta emankorra aldi berean

Feminismoa egun oraindik zeresan handia ematen duen mugimendua da. Askok ez dute oso garbi, ordea, zer defendatzen duen: emakumearen nagusitasuna gizonezkoaren aurrean, genero berdintasuna… Kontzeptu hau autore ezberdinen ikuspegitik modu ezberdinean uler badaiteke ere, guztiek defendatzen dutena emakume eta gizonezkoen aukera berdintasuna da, gure gizartean hain errotuta dagoen patriarkatu horri aurre egitea eta benetan genero berdintasuna sustatzea.

Pertsona askori utopia irudituko zaie mugimendu honek defendatzen duena, gure gizartean gizonezkoaren nagusitasuna kulturaren zati delako, eta baita gure izatearen zati ere. Baina inork noizbait utopia horretan sinetsi izan ez balu egungo egoera oso ezberdina izango litzateke.

Hizkuntzaren garrantzia · Ana Extramiana

Hizkuntzaren garrantzia · Ana Extramiana

Zer lortu da orain arte feminismoaren aldarrikapenei esker?

Historian zehar genero berdintasunaren aldeko neurri asko lortu badira ere, hona hemen esanguratsuenak:

  • Emakumeek boto emateko eskubidea edukitzea
  • Emakumeek erdi eta goi mailako hezkuntzan parte hartzeko eskubidea izatea
  • Emakumeen askapen sexuala
  • Emakumeek lanbide bat izateko aukera izatea
  • Emakumeek gizonen baimenik gabe hainbat gauza egiteko eskubidea izatea: gidatzea, bankuetako diru kontuekin autonomia izatea…

Lor zitekeen guztia lortu al da genero berdintasunean?

Aski da gure ingurura begiratzea hori horrela ez dela konturatzeko. Oraindik bide luzea dugu jarraitzeko, baina hona hemen etorkizun labur batean lortu beharreko aldaketa beharrezkoenak:

  • Amodio erromantikoaren mitoarekin haustea, norbanako bakoitza ez da bestearen laranja erdia. Gu geu laranja osoa gara, nahikoa gara.
  • Maskulinitate berriak sortzea eremu ezberdinetan: emozioetan, umeen zaintzan…
  • Egunerokotasunean hain errotuta dauden mikromatxismoak gainditzea
  • Gizonezkoen partehartzea bultzatzea mugimendu sozialetan eta feminismoan

Zer egin ikastetxeetan hori lortzeko pausoak emateko?

Genero berdintasuna lortzeko hezkuntza ezinbestekoa da, eta hezkuntza sistemak bertan zeresan handia du. Zer egin dezakete ikastetxeek norabide horretan pausoak emateko?

  • Hizkuntzaren sexismoaz ohartu eta kutsu sexista duten esamoldeak ekidin
  • Gizarteko aniztasuna islatzeko irudiak arretaz aukeratu
  • Mikromatxismoei amaiera eman
  • Ikasleen familiak hezkidetza proiektuetan inplikatu
  • Ikasleekin hipersexualizazioa landu gure bizitzako alor gehienak nola kutsatzen dituen konturatu daitezen.

Elkarrizketak

“Genero ezberdintasuna ez da biolentzia fisikoan bakarrik islatzen”

Ana Extramiana egun Donostiako Berritzeguneko (Donosgune) Lehen Hezkuntza etapako aholkularia eta elkarbizitza-hezikidetza gaien arduraduna da.

Erdian Ana Extramiana, Bidelaguna Programari buruzko hausnarketa egin ondoren. Iturria: donosgune.blogspot.com.es

Erdian Ana Extramiana, Bidelaguna Programari buruzko hausnarketa egin ondoren.
Iturria: donosgune.blogspot.com.es

Zein paper joka dezake hezkuntza sistemak jarrera matxistak ekiditeko?

Nik uste dut prebentzioa lantzeko ikasleekin mahai gainean jarri behar dela egoera zein den, (atsekabetutako tonua) eta  datuen arabera azken urteetan gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez zenbakiak igotzen joan dira. Beraz, argi dago zerbait egin behar dugula, eta gizarteak egingo du, familiek ere bai, baina gurea da ardura eta beraz, gure aldetik programak egiten ari gara.

Nola baloratuko zenuke hezkuntza sistemak proiektuen bidez egiten duen lana?

Aurrerapausoak egon direla nabaria da, hala ere, urte askotan zehar lan asko egiten ari gara eta ordainetan oso gutxi jasotzen dugu. Nik uste dut hezkuntza-sistema alde batetik pixka bat atzean gelditzen ari dela.

Hezkuntza departamentutik zer egiten duzue ikasketetako ordutegian berdintasuna lantzeari tarterik ez eskaintzen aurrean?

Gizartean emakumearen aurka dagoen biolentzia ikusita, duela lau urte gure departamentuan plan bat egiteko beharra ikusi genuen. Orain ikusiko dugun bezala (testuak erakutsiz) gai pila daude ezberdintasunaren barruan, ez da biolentzia soilik. (Ilusioz) ezberdintasun honi aurre egiteko, eskaintza ezberdinak jasotzen dituen plan estrategiko bat osatu genuen. Hau bultzatzeko, batez ere aniztasun afektibo-sexualarekin lotuta, ikastetxeei proiektuak eskatzeko aukera eman zaie, eta behin eskatuta, errekurtso bat lortzeko aukera eman zaie.

Zein egoera aurreikusten duzu genero berdintasunari dagokionez etorkizun batean?

Legeak baditugula ikusten dut, baina baita hauek ez ditugula betetzen. Azken datuak oso kezkagarriak dira; zenbat emakume hiltzen dira genero biolentziagatik! (haserre). Horietatik % 40ak lehenagotik bere bikotekidearen aurkako salaketa jarria zuen. Baina berriz ere gogoratu behar dugu genero ezberdintasuna ez dela biolentzia fisikoan bakarrik islatzen. Egun, genero biolentzia bai fisiko zein psikologikoa eragin eta sufritzen duten gazte kopurua inoiz baino gehiago altuagoa da. Ezbairik gabe, egoera horren aurrean hezkuntza sistemak zerbait egin behar du, baina hezkuntzak bakarrik ezin du.

“Hezkuntza sistemak garrantzi handia du
genero berdinketa eman dadin”

Gurutze Ortega Zarauzko La Salleko lehen hezkuntzago bosgarren mailako tutorea da. Bost urte daramatza lehen hezkuntzako irakasle izaten eskola berean.

Gurutze Ortega, Zarauzko La Salleko irakaslea

Gurutze Ortega, Zarauzko La Salleko irakaslea

Zein paper joka dezake hezkuntza sistemak horrelako jarrera matxistak ekiditeko?

Hezkuntza sistemak garrantzi handia du genero berdinketa eman dadin. Haurrek ordu asko igarotzen dituzte eskolan eta balio egokiak transmititzeko eta lantzeko aukera paregabea izaten da bertan

Zein erronkei aurre egin beharko lioke hezkuntza sistemak?

Azken urteetan programak sistematikoki egiten dira eta oso egokiak iruditzen zaizkit. Bestalde, txikitatik egiten den eguneroko lanketarekin jarraitzea beharrezkoa da. Errespetuzko harremanak bultzatu behar ditugu eta kontzientzia hartu behar dute zenbait jarrera onartezinak direla.

Zure ikasleen artean inoiz hauteman al duzu jarrera matxistarik? Zer egin duzu beraiei aurre egiteko?

Bai hauteman ditut zenbait jarrera matxista eta esku-hartzea oinarrizkoa iruditu zait. Gertatutakoa behatu eta aztertu dugu eta azkenik ondorioak atera ditugu. Harreman osasuntsuak eta berdintasuna era aktiboan sustatzea izango delarik helburu nagusia.

Zein egoera aurreikusten duzu genero berdintasunari dagokionez etorkizun batean?

Oraindik ere gizarte matxista batean bizi gara. Erronka handia dugu aurretik, eta guztien elkarlana beharrezkoa da benetako berdintasuna lortzeko. Eskolak eta familiak eskutik joan behar dugu. Gaur egungo gure haurrak etorkizuneko gizarte izango dira eta jasotzen duten hori, izan da, eskainiko dutena.